Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Sarmientok osasun mentalaz hitz egingo dute Anoetako auditorioan
Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak eta umoristak osasun mentalari buruz hitz egingo du Mikel Sarmientorekin batera martxoaren 12an, 18:00etan, Anoetako auditorioan. Agifes elkarteak antolatuta, euren bizipen pertsonalak partekatuko dituzte, eta Nekane Azuabarrena psikologoa izango dute ondoan, baita Cristina Tapia kazetaria ere, moderatzaile lanetan. Sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte.
Gurrutxagaren eta Sarmientoren arteko solasaldiaren helburua “taburik gabeko komunikazioa bultzatzea” izango da, estigmari aurre egin eta buruko osasun arazoak naturalizatzeko helburuarekin. “Gurrutxaga erreferente bihurtu da osasun mentalaren arloan, Futbolistok bakarrizketari eta berriki argitaratu duen Subcampeon liburuari esker. Bi lanetan umorea baliatzen du gaztaroan diagnostikatu zioten nahasmendu obsesibo konpultsiboaren ondorioz bizi izan dituen zailtasunak azaltzeko”, azaldu du Agifesek.
Sarmientok, berriz, urteak daramatza depresioarekin. 24 urteko gaztea Agifeseko erabiltzailea da, eta aurpegia ematea erabaki du osasun mentaleko arazoak ikusarazteko eta sufritzen ari diren beste pertsona batzuei laguntzeko. Horretarako, hainbat topaketatan parte hartzen eta Gipuzkoako elkartearen Zinema eta Buru Osasuna zikloaren saioak moderatzen ari da.