Ekintzailetza eta garapena sustatzen duten hainbat emakume eta enpresa aitortu ditu udalak
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Donostia Sustapenak aintzatespen bat egin die hirian ekintzaileak diren eta berrikuntza sustatzen laguntzen duten emakumeei, hiru kategoriatan: emakume ekintzaileak, emakumeen berrikuntzaren eta talentuaren aldeko apustua egiten duten enpresak eta Steam bokazioak sustatzen dituzten emakume ikertzaileak. Aipatutako hiru modalitateetan, hauek izan dira EmakumeEkinn aintzatetsia jaso dutenak: Goxonela Marianela Guarda (ekintzailea), ViveBiotech (enpresa) eta Maria Muñoz Cafarell (ikertzailea).
Sariak Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapenaren zuzendari orokorrak eman dituzte. “Aintzatespen hauek Donostia Sustapenak enpleguarekin eta ekintzailetzarekin lotutako berdintasun-politikak bultzatzeko egindako apustuaren parte dira. Politika horietara bi milioi euro bideratzen ditu urtero”, azaldu dute.
Marianela Guardia, emakume ekintzailea
Aintzatespen honen bidez, egunero hiria eraikitzen lan egiten duten eta beren proiektu ekintzaileak aurrera ateratzeko gai diren emakumeak ikusarazi nahi direla azaldu du Donostia Sustapenak. Goxonela gozogintzako lantegi euskal-argentinar bat da. 2021ean sortua eta Egia auzoko Ametzagaña kaleko 33an kokatua, gastronomiarekiko grina eta lan ona uztartzen ditu, Argentinako eta Euskal Herriko pastelgintzako produkturik onenak eskaintzeko. Kulturak uztartzen dituen eskaintza bat garatzeko ahalmena, eta, hiriko eskaintza osatzen duen Argentinatik etorritako proiektu bat eraikitzeko erakutsitako sormena izan dira Marianela Guardia emakume ekintzaile gisa aintzatesteko orduan kontuan hartu diren balioak.
Vivebiotech, berrikuntzaren eta emakumezkoen talentuaren alde egiten duen enpresa
Vivebiotech enpresa Donostian dago, eta bektore lentibiralak garatzen eta ekoizten ditu; bektore horiek erabiliak dira, besteak beste, minbizia tratatzeko terapia genetikoetan, gaixotasun arraroetan, eta abarretan. Enpresako langileen %70 baino gehiago emakumeak dira eta berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa bezalako balioak enpresa proiektuaren parte dira; adibidez, lan taldeko pertsona guztien kontziliazio pertsonala eta profesionala errazten du. Berdintasuna enpresaren gobernantzaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren ardatz gisa kokatzen duen kultura korporatiboaren aldeko egindako apustuagatik aintzatetsia jaso du ViveBiotech.
Maria Muñoz Caffarel, emakume ikertzailea
Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktore Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Ikerbasquen eta Miguel Servet zentroan dihardu ikertzaile; horrez gainera, BioGipuzkoako Ikerketa taldeko burua da, non Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldea zuzentzen baitu 2020az geroztik. Bestalde, neskengan bokazio zientifikoak bultzatzeko eta emakumeak zientziaren arloan ikusarazteko konpromiso sendoa du Muñozek. Emakumeak Zientzian elkarteko kidea da, eta Steam bokazioak bultzatzeko aktiboki hartzen du parte sentsibilizazio ekintzetan. Emakumeak zientziaren eta ikerketaren arloan duen presentziarekiko eta parte-hartzearekiko konpromisoa, eta Muñozek belaunaldi berrien artean egiten duen lana ere, aintzat hartu diren merezimenduak izan dira.