Donostiako udaleko korporazioek gerra zibilaren ondorioekiko izan duten jarrera ezberdina aztertzeko modukoa da. Bi adibide esanguratsu nabarmendu litezke hori adierazteko:
- 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen porrota Donostian
Estatu-kolpearen ondorengo lehen borrokaldietan hildakoak Polloen lurperatu zituzten bi hobi komunetan. Guztira 127 pertsona hil ziren, horietako 80 identifikatu gabe daude oraindik. 4 urte geroago, hildako horiek Martirien Monumentura eraman zituzten. Monumentu hori frankistek eraiki zuten Polloen bertan, beren aldeko hildakoen omenez. Azkenean, alderdi errepublikanoan hil zirenen familiek jakin gabe, beren hildakoak monumentu frankista horretan sartu zituzten.
- Jesusen Bihotzaren monumentua egitea
Monumentu hau egitea Donostiako Udalbatzaren erabakia izan zen (DUA-AMSS, L-624, Batzorde Iraunkorraren 9. Akta, 1939ko maiatzaren 31koa). Erabaki horretan ez zen aipatu monumentua non kokatuko zen.
Geroago, Urgull mendian egitea proposatu zen, gazteluaren gainean, 1925etik aurrera Ondare Artistikoaren Monumentu zena.
Memoria Historiko Demokratikoaren Legea
Donostian ikusten denaren aurka, ordea, Euskal Memoria Historiko Demokratikoaren Legeak debekatu egiten du 1936ko estatu-kolpea eta diktadura frankista oroitzeko, goresteko edo goraipatzeko elementuak edo aipamenak jendaurrean erakustea.
Ildo horretan, arauak berariaz aipatzen ditu hainbat elementu, hala nola plakak, ezkutuak, intsigniak, inskripzioak eta altxamendu militarra, ‘bando nazional’ delakoaren garaipena, diktadura frankista, haren agintariak edo bultzatzaileak eta exekutatzaileak omentzeko edo ohoratzeko eraikitako eraikuntza oro.
Lege honek frankismoaren biktimen memoria “berreskuratu, zaharberritu eta birgaitu” nahi du.
Ezinbestekoa da lege hau gogoan hartzea Donostiako hirian estatu-kolpe frankistaren, ondorengo gerra zibilaren eta diktaduraren hasieran bi aldeetan izan ziren biktimen gaiari heltzeko; izan ere, ikusiko dugunez, alde batetik, alderdi errepublikanoan eta, bestetik, alderdi frankistan izan ziren biktimen errekonozimendu eta erreparazio pertsonala ez zen berdina izan.
Beraz, legeak dioena kontutan hartuta, goazen aipagai ditugun bi kasuak xehetasunez aztertzera.
Artikulua Tolosaldeko Ataria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.