Ez da posible izan
Bukatu da Txapeldunen Ligako abentura Realarentzat, final-zortzirenetan Paris Saint Germainen aurka (PSG) galduta. Joanekoan (2-0) zein itzulerakoan (1-2) aurpegia eman dute txuri-urdinek, baina munduko talde onenen artean dago PSG, eta hori nabaritu egin da kanporaketa guztian, aukerarik txikienarekin arrisku handia sortu baitio Pariseko taldeak Realari, bereziki, Mbapperen bitartez.
Partida handia zen atzokoa, eta mundu guztiak argi zuen oso zaila —ia ezinezkoa— izango zela Realarentzat kanporaketa iraultzea eta PSG mendean hartzea, baina itxaropen puntu bat zuten barnean realzale guztiek. Horregatik, ultren artean izan zitezkeen istiluen inguruko beldurra alde batera utzita —Ertzaintzaren konfiskazioez gain, azkenean ez zen aparteko ezer gertatu—, harrera beroa egin zioten zaleek talde txuri-urdinari estadiora iristean, eta Anoeta barruan ere lehenengo minututik sutsuki animatu zuten. Ia goraino bete ziren harmailak, 39.336 zalerekin.
Reala saiatu zen bere jokoa egiten, baina lehenengo zati osoan ez zuen lortu eroso zelaian eroso sentitzea, ezta aparteko arriskurik sortzea ere. Ordea, PSGk oso gutxi behar du arriskua sortzeko, eta halako batean iritsi zen Mbapperen lehenengo gola: are barruan baloia hartu, eta aurrean atzelari bat izanik ere, jaurtiketa bikain bat egin zuen bigarren zutoinera, geldiezina. Take Kubok urrutitik egindako jaurtiketa bat izan zen, ziur aski, lehenengo zatian Realaren gol aukera argiena, baina jaurtiketa ez zen hiru zutoinen artean joan, gertu baizik.
Emaitza horrekin iritsi zen atsedenaldia, eta lehenengo zatiaren antzeko hasi zen bigarren zatia: Reala saiatu eta saiatu, baina PSGren lerroak gainditu eta arriskua sortu ezinik. Horrela, 56. minutuan, beste behin ere, Mbappek baloia hartu zuen eta ez zuen barkatu. Espazioa utzi zioten izar frantsesari, eta espazioarekin geldiezina da jokalari hori: ezker hegaletik azkar joan zen, eta maila handiarekin gainditu zuen Remiro.
0-2-koarekin, Barrenetxea eta Turrientes zelairatu zituen Imanol Alguacilek, Braisen eta Beckerren ordez, eta bizitasun apur bat handiagoa eman zioten taldeari, bereziki Barrenetxeak. PSG lasaiago zebilen, baita ere, kanporaketa erabakita zegoenaren jakitun. Horrela, hainbat gerturaketa arriskutsu eta gol aukera batzuk izan zituzten txuri-urdinek —gol bat bertan behera utzi zion epaileak Realari, jokoz kanpo sartu zutelako—, baina Donnarummaren ateak gaindiezina zirudien. Azkenean, 89. minutuan, Merinok barrura bidali zuen aldaratze bat, ohorearen gola egiteko. Realzale guztiek argi zuten ez zegoela ezer egiterik, baina, horrela ere, bizkarrez ospatu zuten gola, eta azken minutura arte animatzen aritu ziren.
Bukatu da Europako ametsa txuri-urdinentzat, eta bolada txarrak, momentuz, ez du etenik. Astebetean bi txapelketatatik kanpo gelditu da talde donostiarra, kopako finalerdietan bereziki kolpe gogorra jasota. Ordea, talde honen lana aitortu behar da, parez pare jokatzen ari baita talde handienekin, eta egongo dira historia egiteko aukera gehiago. Guztiari alde ona bilatu behar omen zaio, eta hona hemen kopatik eta Txapeldunen Ligatik kanpo geratu izanaren alde ona: ligan zentratzeko aukera daukate orain txuri-urdinek, hurrengo denboraldian ere Europan jokatzeko helburua lortzeko, talde honek horretarako eta askoz gehiagorako maila dauka eta.