Kopako finalerdiak abiatuko ditu gaur Realak
Denboraldiaren zatirik erabakigarriena iritsi da Realarentzat, Espainiako Kopako finalerdiak abiatuko baititu asteazken honetan (19:00), Alcala de Henaresen (Madril, Espainia). Atletico Madril izango dute aurkari Natalia Arroyoren neskek, eta itzulerako neurketa etxean jokatuko dute txuri-urdinek, datorren asteazkenean. Beste finalerdia Athleticek eta Bartzelonak jokatuko dute; joanekoa Bilbon eta itzulerakoa Bartzelonan.
Ez da neurketa erraza izango, madrildarrak donostiarrak baino hobeto baitabiltza denboraldi honetan. Hain zuzen ere, ligako bosgarrena da Atletico Madril, eta zazpigarrena Reala. Ordea, final-laurdenetan Levante mendean hartzetik datoz txuri-urdinak, eta gaurkoan emaitza on bat lortuz gero, finalerako txartela eskuratzeko aukera handiak izango lituzkete itzulerakoan, realzaleen babesarekin.
Pasa den denboraldian ere parez pare aritu ziren txuri-urdinak eta zuri-gorriak kopan, final-zortzirenetan, eta madrildarrak gailendu ziren, bi eta huts irabazita. Aldiz, txuri-urdinek nahiago dute 2019ko kopa gogoratu, finalean irabazi baitzioten Atletico Madrili, balentria historia eginez.