Partida garrantzitsua jokatuko du gaur Bera Berak etxean
Gran Canariak igandean jokatu behar duen Europako partida dela eta, aurreratu egin da Bera Berarentzat ligako hogeigarren jardunaldia, eta gaur jokatuko dute kanariarrek eta donostiarrek Gaskan, 19:00etan. Neurketa bizia izatea aurreikusten da, bi taldeek puntuak behar baitituzte: Bera Berak lidergoarengatik borrokatzen jarraitzeko eta Gran Canariak beheko postuetatik aldentzeko.
Talde donostiarrak hainbat baja izango ditu, ordea: Carmen Arroyo eta Alba Menendez min hartuta daude, eta ez da ziurra Malena Cavo eta Laura Hernandez jokatzeko moduan egotea. Horregatik, Haizea Urretabizkaia eta Ainara Lopez jokalariak deialdian sartu ditu Imanol Alvarezek. Bajekin edo bajarik gabe, partida irabaztea da donostiarrek helburu bakarra, asteburura begira presioa sartzeko ligako lidergoarengatik donostiarrekin borrokatzen ari diren Malagari eta Elxi.