Emakume bat zaintza intentsiboetako unitatean dago Ertzaintzak foam bala batekin tirokatu zuelako
44 urteko emakume realzale bat zaintza intentsiboetako unitatean dago, Realaren eta Paris Saint Germainen arteko partidaren aurreko istiluetan Ertzaintzak foam bala batekin tirokatu zuelako. Noticias de Gipuzkoa egunkariak emakumearen senarrarekin hitz egin du, eta azaldu duenez, emakume hori bakarrik zegoen Errondo pasabidearen erdian. Kolpe handia jaso zuen buruan, belarriaren parean egin baitzioten tiro, 30 bat metrotik.
Familia osoa joan zen Anoetara, Realaren partida ikustera. Senarrak aipaturiko egunkariari kontatu dionez, bera eta 9 urteko semea arazorik gabe sartu ziren barrura, baina emakumeak arazoak izan zituen Realzale aplikazioarekin, eta futbol zelai aurrera atera zen, datu konexio hobea lortzeko. Senarrak nabarmendu duenez, ezinezkoa da tiroa “errebotez” jasotzea, emakumea Errondo pasabidearen erdian zegoelako tiroa jaso zuenean.
Senarraren arabera, emakumearen gainetik pasatu ziren ertzainak, lurrean zauriturik zegoenean, eta ez zioten lagundu: “Altxatzen saiatu zen, baina berriro erori zen lurrera, mareatuta zegoelako”.
Hasiera batean, Anoetara sartu zen partida ikusteko asmoz, baina bere egoera ikusita, Bidasoako Ospitalera eraman behar izan zuten lehenik. Gero, zaurien larritasuna zela eta, Donostia Ospitalera eraman zuten. Aipaturiko egunkariaren arabera, emakumea kontziente dago, baina bere egoera larria da garuneko barne hemorragia baten ondorioz.
Jaurlaritzako Segurtasun Saila, frogak biltzen
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintza harremanetan jarri da zauritutako emakumearen familiarekin. Ikerketa eginbideak ireki ditu, eta, horrekin batera, “frogak biltzen hasi da”, besteak beste, istiluen inguruko kameren irudiak. Horrez gain, adierazi du auzitegi mediku baten esku-hartzea eskatu diola epaitegiari, “zauritutako emakumea modu independentean ebaluatzeko eta lesioen izaera eta jatorria zehazteko”.
Bestalde, Ertzaintzako ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek ere ikerketa eskatu dute. Salatu dutenez, partidaren aurreko dispositiboaren arduradunek “protokoloetatik at dauden aginduak” eman zituzten , “agenteen segurtasuna arrisku larrian jarrita”.
Dispositiboan behar baino ertzain gutxiago zeudela adierazi dute, “material gutxirekin” eta komunikaziorik gabe, “bateriarik gabeko talkie-ak eman zizkietelako”. Istiluetan zortzi ertzain zauritu zituztela esan dute.