Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana auzoetara zabaltzeko beharra aldarrikatu du EH Bilduk
EH Bilduk uste du Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren gaiari heldu eta Donostiako mugikortasuna eraldatuko duten neurri eraginkorrak hartzeko garaia dela. “Jakina da Donostiako auzoetan ere mugikortasun arazoak daudela, eta horiek konpontzeko eta ordenatzeko beharra dagoela. Auzo askotan, gainera, trafiko handia pilatzen da (Amara Berri, kasu) eta beste batzuetan, haren orografia medio, aldapa kontzentrazio handiek bertakoen eguneroko mugikortasuna zailtzen dute (Altza eta Egia, adibidez)”, azaldu du EH Bilduk.
Oraingo planak, aurrekoak ez bezala, bost urteko epea du, 2024-2029. Hortaz, bertan ageri diren neurriak “errealagoak eta egingarriagoak” izan beharko dutela uste du alderdiak. Horrez gain, uste dute momentu hau “egokia” dela Mugikortasun Plana berritzeko. “HAPOa ere berrikuspen lanetan dago, eta hortaz, beharrezkoa da bi planek bat egitea, mugikortasunari dagokionez bi planak koordinatuak egotea”, adierazi dute.
Mugikortasun planean hiriaren desorekak “agerian” geratu direla uste dute: “Proposatzen diren neurri gehienak hiriaren erdigunean ezartzeko dira. Eta berriro ere, auzoetan ez dira neurri zehatzak proposatzen, ekintza planetan eta aurrekontuan argi ikusi daitekeen bezala. Mugikortasun planaren beraren diagnostikoan auzokako azterketak egiten dira, baina ondoren ez da ekintza planik proposatzen”.
Neurriei dagokienez, EH Bilduren iritziz, neurri garrantzitsuenak oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzera bideratu behar dira.
Mugikortasuna eraldatzeko neurriak
EH Bilduk adierazi duenez, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnostikoan jasotzen diren “ideia eta ondorio askorekin bat” egiten du, baina identifikatu diren arazo horiei jarritako neurriekin “desadostasunak” ditu. “Berrikuntza eta neurri eraldatzaile gutxi dago, eta udal gobernuaren Mugikortasun sailak aspalditik jasota zituen neurriak ageri dira”, nabarmendu dute.
Ondorioz, mugikortasuna eraldatzeko “neurri ausartak eta eraldatzaileak” egin behar direla uste dute. Neurri horiek, hainbat azpiataletan bereizi dituzte:
Generoari dagokionez, zaintzak “garrantzi berezia” hartu behar duela uste dute: “Bidaien %20 zaintza arrazoiengatik egiten da, eta bereziki emakumeek egiten dituzte. Emakumeak, oro har, gizonak baino modu jasangarriagoan mugitzen dira, garraio publiko kolektiboan batez ere. Hortaz, garraio publikoaren zerbitzua indartzeko neurriak ezartzean, zaintzara egokitutako neurriak ere hartu behar dira kontuan: autobusen lehen eta azken orduak eta jai egunetako lineak indartzea, esaterako, edo errenta baxuko auzoetan zerbitzuak hobetzea”.
Auzoei dagokienez, diagnostikoak baieztatzen du auzo lauagoetan mugikortasuna “jasangarriagoa” dela, baina ez aldiz topografia gorabeheratsuetan. “Hortaz, horiek zuzentzeko neurriak hartu behar dira”, nabarmendu du EH Bilduk. “Diagnostikoan argi geratu da oinez ibiltzeko topografia konplexua duten auzoetan irisgarritasuna okerragoa dela: Martutenen, Altzan, Intxaurrondon, Ategorrieta-Ulian, Mirakruz-Bidebietan eta Egian. Hala ere, auzo horietan irisgarritasuna hobetzeko neurri eraginkorrik ez dugu topatu planean”, azaldu du.
Auzoen arteko errenta ezberdintasunei dagokienez, familia errenta altuagoa duten auzoetan autoa gehiago erabiltzen da, eta errenta baxuagoa dutenetan, garraio publikoa (Bidebieta, esaterako). Azken hauetara bideratuta dauden neurriak “eskasak” direla uste dute.
Mugikortasuna aire emisio kutsatzaile handia izateaz gain, zarata sortzaile handia ere bada. Zarata gehien duten eremuen artean, GI-20 (Intxaurrondon, esaterako), ADIF eta ETS (Errondo inguruan) aipatzen ditu. EH Bilduk trenbideak estaltzeko edo lurperatzeko proposamenak sartzeko beharra aldarrikatu ditu, hala nola, Errondo kaleko ETSren trenbideak lurperatzearen azterketa, eta Intxaurrondo-Ategorrieta aldean ADIF trenbidearen estalketaren bigarren fasearen azterketa egitea.
Garraio publikoari dagokionez, Dbuseko lineen “berrantolaketa” egin behar dela uste dute, eta lineak “berritu edo indartu, beharra dagoenean”: “Ezin dugu orain hogei urteko linea berdinekin jarraitu; zerbitzua hiriak jasan dituen eta jasango dituen aldaketetara egokitu behar da”.
Diagnostikoak ere garraio publikora irismen eskasa duten auzoak identifikatzen ditu: Igara, Berio, Bera-Bera, Miramon, Egia, Bidebieta eta Larratxo. Hortaz, eremu horietan “garraio publikoa indartzeko neurriak hartzea” defendatzen dute.
Errepide sarea
Errepide sareari dagokionez, hainbat kontu aipatzen ditu Mugikortasun Planak: batetik, GI-20 saihesbidearen egokitzapenean jartzen du arreta. Horrez gain, HAPOaren aurrerakinak honi buruz egiten duen aipamena dago diagnostikoan, baina, EH Bilduk azaldu duenez, hurrengo bost urteetarako plangintzan ez da inolako aurreikuspenik egin GI-20a Herreratik Añorgara eraldatzen hasteko. “Mugikortasunaren alorrean gure hirian hurrengo urteetarako eraldatzailea den neurririk bada, hori GI-20 saihesbidearena da”, nabarmendu dute.
Hiriko sareari dagokionez, “”barne korapiloak” aipatzen dira eta horiek leheneratzeko neurriak ere: Ondarretako lotunea, Araba parkea, Euskadi plaza, Ibaeta, PIO XII.na eta Ategorrietako biribilgunea. Horietan guztietan korapiloak askatzeko eta inguruneak baretzeko proposamenak egiten ditu planak, PIO XII.an izan ezik. “Plaza hori berrantolatzeko eta baretzeko azterketa jasotzea proposatzen dugu”, adierazi dute.
Eta azkenik, aparkalekuei dagokienez, lurrazpiko aparkaleku publikoak aipatzen ditu, errotaziozko plazek sortzen dituzten autoen mugimenduak eta horien arazoak. Planak ez du, hala ere, arazo horien aurrean hartu beharreko neurri zehatzik jasotzen EH Bilduren arabera: “Egiturazko arazoa bada, egiturazko neurriak hartu beharko dira; Mugikortasun Plan honetan, ez dugu konpromisorik ikusi egoera aldatzeko. Beraz, hurrengo bost urteetan neurri zehatzak hartzea eskatzen dugu”.
Gainera, beste bi aparkaleku berri eraikitzea aurreikusten du Planak: Maria Inmaculada aparkalekua Grosen eta San Bartolome. Ordea, autoen erabilera mugatu nahi den garaiotan, autoentzako errotaziozko aparkaleku gehiago egitea “kontrako norabidean” hartutako neurriak direla uste dute. Beraz, planean horien berrikuspena egitea eskatu dute.
Disuasio aparkalekuei dagokienez, EH Bilduk uste du “eskaintza eskasa” dagoela Donostian, “are gehiago jarduera ekonomikoa dagoen eremuetan”. Hortaz, bestelako neurriak behar direla uste dute, “benetan eraginkorrak izateko eta garraio publikoarekin lotura zuzena izango duten disuasio aparkalekuak diseinatzeko”.