Isabel Coixet eta Sara Mesa izango dira gaur Donostian, 'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' zikloan
Isabel Coixet zinemagilea eta Sara Mesa idazlea izango dira gaur, ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ zikloaren baitan antolatutako saioan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen duten ekitaldia Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango da, Santa Teresa Komentuan, 19:00etan. Sarrera irekia da eta doakoa izango da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zinemako literatura egokitzapenen prozesua azalduko dute Un amor eleberri eta izen bereko filmarekin. Filmak zazpi izendapen izan ditu Goya sarietarako, besteak beste, film onenaren, zuzendaritza onenaren eta gidoi egokitu onenaren ataletan. Era berean, Feroz saria jeskuratu du eta Hovik Keuchkerian aktoreak Antzeztaldeko aktore onenaren zilarrezko maskorra jaso zuen Donostia Zinemaldian.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak azaldu duenez, ‘Zinemagileen arteko Elkarrizketak’ zinemazaleei eta zinema ikasleei zuzendutako zikloa da. Donostia Zinemaldiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen dute programa, eta zinemagintzan goi mailako profesionalak trebatzeko aukera eskaintzea du helburu. “Programazio honen bidez, ikasleen eta zinemazaleen prestakuntzan sakontzen da, eta goi mailako profesionalekin egiten da, Isabel Coixet eta Sara Mesa bezalako profesionalekin”, nabarmendu du diputatuak.