Korrikaren bueltan, Donostiako hainbat auzotan proiektatuko dute 'Bizkarsoro' filma
Hurrengo ostegunean hasiko da 23. Korrika —hilaren 23an pasatuko da Donostiatik—, eta, urteroko legez, Korrika Kulturala antolatu dute Donostiako hainbat auzotan Korrikaren bueltan. Askotariko jarduerak prestatzen ari dira auzoetan, baina Bizkarsoro filmaren proiekzioak nabarmentzen dira, auzo askotan proiektatuko baitute, datozen egunotan:
- 13an, 19:00etan, Amara Berriko euskara batzordeak antolatuta, Easo Politeknikoan.
- 14an, 19:00etan, Altzako euskara batzordeak antolatuta, Larratxo Kultur Etxean.
- 14an, 19:00etan, Zuhaiztiko Ategorrieta eraikinean.
- 16an, Zubietako Kaxkapen, 18:30ean.
- 19an, Egiako euskara batzordeak antolatuta, 19:00etan, Gasteszenan. Goizean auzoko ikasleentzat ere emango dute.
- 20an, 19:00etan, Intxaurrondoko euskara batzordearen eskutik, Intxaurrondo Kultur Etxean.
- 21ean, 12:00etan, Antiguako euskara batzordearen eta EHUren eskutik, Karlos Santamaria aretoan.
- 22an, Añorgako Museoan, 19:30ean, Añorgako euskara batzordearen eskutik.
Josu Martinez bilbotarraren lana da Bizkarsoro, eta 2023ko Zinemaldian aurkeztu zuen. Existitzen ez den herri batean, egiazko bost istorio kokatu ditu Martinezek, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituta. Horien bidez, agerian utzi ditu XX. mendean Ipar Euskal Herriko herri txiki batek bizitako aldaketa sozialak, baita hizkuntza baten erroiztea, hurrentzea eta bizirik irauteko borroka ere.