Udalaren arabera, Donostia erreferente da emakumezkoen kirolean
Donostia Kirolak urtero egiten duen ikerketaren arabera, hiriak “buru” izaten jarraitzen du Espainiako Estatuan emakumezkoen kirolari dagokionez. Hala adierazi du udalak, taldean egiten diren hainbat kirol modalitate aztertu ostean. Besteak beste, futbolean, saskibaloian, hockeyean, softbolean eta errubian egiten den lanketa hartu dute kontuan, eta goi mailako taldeak baino ez dituzte kontuan izan.
Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotzia pozik agertu da Donostiak bederatzi talde dituelako aztertutako kategoria horien goi mailako txapelketetan:”Donostiar guztiok harro gaude Bera Bera eskubaloian, Donostiako Atletiko atletismoan, Reala futbolean eta belar hockeyan, IDK Euskotren saskibaloian, Txuri Urdin izotz-hockeyan, Txuri Berri curlingean eta arraunean, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra klubek egiten duten ahaleginarekin”.
Nolanahi ere, Bartzelonaren atzetik sailkatu dute hiria, Bartzelonak hamabost baititu. “Eliteko emakumezkoen taldeen kopurua herri bakoitzeko biztanleriaren arabera aztertuz gero, Donostiak argi eta garbi mantentzen du lehenengo tokia probintziako hiriburuen artean”, nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Era berean, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen artean lehena da, eta Gateiz baita “gertuen duena”, goi mailako 3 talde eta “talde bakoitzeko 86.269ko ratioarekin”.