«Adimen artifizialari ez zaio beste berrikuntzei baino beldur handiagoa izan behar»
'Mars Express' filma (Jeremie Perin, 2023) proiektatuko dute gaur Tabakalerako Zinema eta Zientzia zikloan (19:00), adimen artifiziala ardatz duena, eta Amaia Bernaras Iturrioz (Urretxu, 1964) Miramongo Parke Teknologikoko gerenteak egingo du aurkezpena. 14 urteetatik bizi da Donostian, eta 30 urtetik gora daramatza adimen artifizialaren arloan lan egiten.
Zer harreman dauka ‘Mars Express’ filmak zure jardunarekin?
Urtero joaten naiz ziklo horretako filmak ikustera, eta egiten diren aurkezpenak eta eztabaidak asko gustatzen zaizkit. DIPC da antolatzaileetako bat, eta oso lan ona egiten du zientziaren dibulgazioari dagokionez. Urtero joaten naizenez, aurten proposatu didate Mars Express filmaren aurkezpena egiteko. Izan ere, nik adimen artifizialaren doktoretza egin nuen duela 30 bat urte, eta pelikula adimen artifizialaren eta robotikaren arloan sartzen da. Animaziozko pelikula bat da, zinema beltza da, zientzia fikziozkoa, adimen artifiziala presente dago, emakume detektibe bat da protagonista… Oso elementu erakargarriak ditu niretzat.
Zientzia herritarrei gerturatzeko tresna aproposa da zinema?
Bai. DIPCren helburua da zientziak presentzia handiagoa izatea jendearen egunerokoan, eta zentzu horretan, tresna baliagarria da zinema. Mars Express, azken finean, detektibeen istorio bat da, baina gauza asko gertatzen dira, zientziarekin harremana dutenak. Asko ikasten da pelikulen bidez; nik neuk, duela gutxi, gertaera meteorologiko baten inguruko pelikula bat ikusi nuen, eta asko ikasi nuen horri buruz. Izan ere, zientzia oso zabala da, arlo asko daude, eta horien guztien inguruko dibulgazio lana egitea oso garrantzitsua da.
Nolakoa da zure egunerokoa parke teknologikoan?
Urte luzez, ikerkuntza lanetan aritu nintzen, eta konturatu nintzen gustatzen zitzaidala ikerkuntzaren eta garapenaren atzean dauden politikak ezagutzea. Orduan, proiektuen eta politiken ebaluazioaren munduan sartu nintzen, eta lan dezente egin nuen Europako Batzordearekin arlo horretan.
Horrela, Miramongo Parke Teknologikora etortzeko aukera atera zitzaidan, eta gerentea naiz egun. Hona datozen enpresekin egiten dut lan, besteak beste, enpresek funtzionatu dezaten erakundeek garatu behar dituzten politikak bultzatzeko.
Nahikoa inbertitzen da zientziaren eta teknologiaren arloan?
Apustua indartsua da, eta Euskadiko Parke Teknologikoa, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Arabakoa integratzen dituena, punta-puntakoa da estatuan zein nazioartean. Baina talentu falta daukagu, gero eta gazte gutxiago dagoelako eta daudenetako asko kanpora joaten direlako. Horregatik, nazioarteko jende asko dago lanean parke teknologikoan. Erronka da hemen dauden gazteak erakartzea eta kanpora joan direnak bueltatzera erakartzea.
Asko hitz egiten da orain adimen artifizialaren inguruan, eta beldur bezain beste jakin-min sortzen du.
Pentsa, duela 30 urte, sistema diagnostikoak eta prediktiboak dagoeneko erabiltzen zituen Iberdrolak. Besteak beste, sare elektriko batean huts bat bazegoen erabiltzen ziren, jakiteko zer egin behar zen puntu horretara elektrizitatea eraman eta funtzionamenduan jartzeko.
Egia da orain oso modan dagoela adimen artifiziala, baina hala deitzen zaio adimen artifizialaren zati txiki bati. Hau da, gaur egun, ChatGPT oso modan dago, baina hori adimen artifizialaren arlo bat baino ez da, generatiboa dena. Kontua da elementu profesional bat denon bizitzetara iritsi dela, eta horrekin bueltaka gabiltzala.
Duela urte asko, Isaac Asimovek robotikaren hiru legeak idatzi zituen, momentu hartan presente zegoelako oraindik presente dagoen beldur bat: adimen artifizialak mina egingo dit, lana kenduko dit, eta abar. Berrikuntzak dauden momentuan, gauzak aldatzen dira, eta halaxe gertatu zen, adibidez, industrializazioan. Adimen artifiziala teknologia berri bat da, eta, horrekin, gauza batzuk desagertu egingo dira eta beste batzuk sortu, berrikuntza guztiekin gertatu izan den moduan. Orduan, izan behar zaio adimen artifizialari beste berrikuntza batzuei baino beldur handiagoa? Ez. Eta nabarmendu behar da adimen artifizialaren etikaren arloan ere lan egiten ari direla munduko herrialde askotan, oso garrantzitsua baita arlo hori.
Adimen artifiziala herritarren mesedetara baldin badago, oso ona izan daiteke, baina, ohiko legez, badirudi gutxi batzuen esku egongo dela.
Beti presente dagoen galdera da, oso galdera ona. Mars Express pelikulan, hain zuzen ere, beldur hori hasieratik dago islatuta: Lur planetan hasten da pelikula, non soilik gelditzen diren langabetu guztiak, etengabe kexatzen, robotek lana kendu dietelako. Baina ondoren, Mars planeta agertzen da, eta han dena idilikoa dela dirudi; ordea, detektibea ikertzen hasiko da, eta ikusiko du dena ez dela hain polita. Bestalde, pelikulan askotariko gizakiak agertzen dira: gizaki areagotuak, adibidez. Eta, hain zuzen ere, filmak planteatzen du ea zer den benetan gizaki adimentsu bat izatea.
Gizartearen arlo gehienetan bezala, emakumeak diskriminatuta egon dira zientzian historikoki. Zein da emakumeek zientziaren arloan egun bizi duzuen egoera?
Asko hobetu da azken urteotan: egun, parke teknologikoan lan egiten dutenen %49 emakumeak dira, eta zuzendarien %23. Parkeko gerentea izateaz gain, emakume enpresari eta zuzendarien Aspegi elkarteko kide ere banaiz, eta gure lana hor da emakumeak ahalduntzea. Izan ere, emakumeok sinistu egin behar dugu gai garela, eta zentzu horretan lan handia egiten ari gara. Hain zuzen ere, parketik zientziako bokazioak handitzearen alde lan egiten gara mutiletan zein nesketan, eta baita bereziki emakumeen artean zientzialari eta zientzia arloko kudeatzaile izateko bokazioak sustatzearen alde ere. Bi rol desberdin dira zientzialariarena eta zientzia arloko kudeatzailearena, biak oso garrantzitsuak; ni, adibidez, zientzialaria izan nintzen eta kudeatzaile bat naiz orain.
Horrela, saiatzen gara haurrei eta bereziki neskei txikitatik erakusten zientzia beraientzako ere badela eta gai direla zientzian aritzeko. Hala ere, kristalezko sabaia existitzen da oraindik, eta hori apurtzeko lanean jarraitu behar dugu.