Antolakuntza sozialista aldarrikatu du Itaiak Martxoaren 8an
Azken urteotan gertatu den moduan, aurten ere Itaia emakumeen antolakunde sozialista kalera atera da Martxoaren 8an Donostian, bere manifestazio propioan. 200 lagun inguru mobilizatu dira 18:30ean Bulebarretik abiatu den manifestazioan, eta Parte Zaharreko kaleetan barrena ibili dira, antolakuntza sozialista aldarrikatuz, besteak beste.
Amaierako irakurketan, nabarmendu dute Martxoaren 8a “emakume langileen borroka indartzeko eta babesteko eguna” dela, eta beharrezkotzat jo dute “Martxoaren 8aren zentzu iraultzailea berrartzea”. “Oraindik orain emakume langileon zapalkuntza ekonomikoari eta sozialari aurre egiteko arrazoi politikoak mahai gainean baitaude. Enpresariek emakume langileon esplotazio basatia baliatzen dute beraien poltsikoak betetzeko. Horrez gain, emakume langileok sozialki zapalduak izaten jarraitzen dugu. Hain zuzen ere, ideologia matxistaren normalizazioak emakumeon aurkako indarkeria eta bazterketa areagotzen ditu”, gaineratu dute.
Ildo horretatik, erakunde publikoen eta horien parte diren alderdi politikoen jarduna kritikatu dute: “Instituzioetatik eta alderdi profesionaletatik itxuraz aurrerakoiak diren legeak eta politikak proposatzen ari dira. Hein batean, instituzio kapitalisten funtzioa baita gizartean egon daitekeen egonezina baretzea. Kontrara, politikari profesionalen hitzontzikeriek eta lege aldaketa formalek ez die emakume langileon problematikari heldu. Berdintasun politika hauek klase ertaineko emakumeei egiten die mesede, hain zuzen ere, beraiek gero eta bizi baldintza hobeak izatea baitute helburu. Hori guztia, ordea, emakume langileon bizkarrera izango da, besteak beste, klase ertaineko emakumeek egin nahi ez dituzten lanak egin ditzagun”.
Mugimendu feministak gaia etengabe mahai gaineratu ostean, erakundeak eta alderdi politikoak zaintzari buruz gero eta gehiago ari dira hitz egiten azken hilabeteotan, baina “eztabaida alderdikoia” izaten ari dela salatu du Itaiak: “Alderdi guztiek proposamen bertsua egin dute: zaintza sistema publiko-komunitarioa. Eztabaidan, ordea, administrazioaren eta zerbitzu publikoen kontrola nork eskuratu dago, hau da, eztabaida alderdikoia ari da izaten. Horren aurrean, instituzioak eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatzeak zentzua galtzen du”.
Horren aurrean, Itaiak “emakume langileen interesak defendatuko dituen antolakuntza sozialistaren aldeko hautua” egin duela nabarmendu dute: “Horretarako, enpresarien eta instituzio kapitalisten fartsatik kanpo antolatuz. Indar politiko hori eraikitzea urgentzia politikoa da. Are gehiago, testuinguru honetan: emakumeon pobrezia muturrekoa bihurtzeaz gain, ideia erreakzionarioen eta matxisten zabalpena jasaten ari garen garaian. Horrek guztiak emakume langileon zapalkuntza egoera betikotu eta normalizatu egiten du”.
Horrela, Itaiak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzera deitu dituzte emakume langileak: “Emakume langileon antolakuntza independenteak egiteko argiak ditu gaurdanik: bat, emakume langileok aktibo politiko bilakatzea; bi, guztiok bizi baldintza berak izateko borrokatzea eta, hiru, gizartean etika komunista zabaltzea. Lan politiko guztia sozialismoaren eraikuntzan kokatuz. Hau kontuan izanda, Itaiatik emakume langileon bizi baldintzen alde antolatzen ditugun ekimenetara batzeko deia luzatzen dizuegu”.