Emakumeak arlo guztietan presente egon direla ahaztu ez dezagun
Cira Crespo historialariaren eta Elena Ziordia ilustratzailearen 'Euskal Herriko 40 emakume' liburuan oinarrituta, 'Gipuzkoako Emakumeak' izeneko erakusketa jarri dute Aiete Kultur Etxean, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Euskal Herriko emakumeei buruzko liburu asko ez zeudela eta, Baginen, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez liburua (Txalaparta, 2020) argitaratu zuten Cira Crespo historialariak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1980) eta Elena Ziordia ilustratzaileak (Ortuella, Bizkaia, 1964). Horrez gain, Euskal Herriko emakumeen inguruko material gehiago izateko helburuarekin, bigarren liburu bat argitaratu zuten: Euskal Herriko 40 emakume (Ediciones Beta, 2022). Bigarren liburu honetan oinarrituta, Donostia Kulturak Gipuzkoako Emakumeak izeneko erakusketa jarri du Aiete Kultur Etxean, eta apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Liburuaren egileek azaldu dutenez, emakumeen historia dibulgatu nahi izan dute, euskaraz. «Liburua irakurketa errazekoa da. Horrek esan nahi du testuek hainbat arau betetzen dituztela, eta horregatik, zigilu bat jarri digutela. Errazago irakurtzen da, baina horrek ez du esan nahi testuak errazegiak direnik. Zerbait erakargarria egiten saiatu gara; euskaraz, eta edonork irakurtzeko moduan», azaldu du Crespok.
Gaineratu duenez, nahiz eta liburu batean protagonismoa hitzek hartzen duten, Aiete Kultur Etxeko erakusketan Ziordiaren irudiek «askoz garrantzi handiagoa» hartzen dute. «Oso irudi politak ikus daitezke bertan», nabarmendu du Crespok.
Arlo guztietako emakumeak
Liburua egiteko, Euskal Herriko emakumeen zerrenda bat osatu zuten. «Badaude izen batzuk ezagunak direnak eta nahi eta nahi ez, jarri behar direnak. Baina guk beti nahi izan dugu heterogeneotasun bat erakutsi: leku guztietako emakumeak, baina baita arlo guztietakoak ere», azaldu du Crespok.
Horrez gain, liburua kronologikoki antolatu dutela gehitu du Ziordiak: «Garai bakoitzean historia nolakoa zen ikusten da liburuan. Aro guztietako eta arlo guztietako emakumeak sartu ditugu. Oreka bilatu behar da. Ezin dira, adibidez, soilik idazleak sartu; kirolariak, artistak… pixka bat denetarik aukeratu dugu».
Izenburuak dioen moduan, liburuan 40 emakume agertzen badira ere, Aiete Kultur Etxeko erakusketan Gipuzkoako emakume erreferenteak eta gizarte talde inspiratzaileak aurki daitezke, askotan gizartean merezitako errekonozimendurik izan ez dutenak.
Horien artean, ugari dira emakume donostiarrak edo Donostian lan egin dutenak. Adibidez, Elbira Zipitria pedagogoa (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) nabarmendu du Crespok: «Elbira Zipitriak Donostian egin zuen bere lana eta bizitza». Liburutik ateratako testuak —erakusketan irakurri daitekeenak— honakoa dio Zipitriari buruz: «Egun batean maleta euskaraz irakasteko materialez bete zuen. Donostiako Alde Zaharreko pisu txiki bat hartu zuen. Etxe hartara ume talde txiki bat joaten zen. Emakume gazteei ere irakasten zien euskaraz irakasteko metodoa».
Katalina Eleizegi antzerki idazlea (Donostia, 1889 – Lizarra, Nafarroa, 1963) ere sartu dute zerrenda horretan. «Oso idazle garrantzitsua izan zen; Euskal Herriko antzerkigileen artean garrantzitsuenetariko bat», azaldu dute. Testuan azaltzen da Eleizegik oso gustuko zuela historia, eta idazten zituen drama guztiak historikoak zirenez, gai horren inguruan ikasteko aukera izaten zuela: «Horrela bihurtu zen oso emakume jakintsua».
Ignazia Zabalo marrazkilariaren (Donostia, 1905 – Bartzelona, 1939) historia nabarmendu du Ziordiak: «Zabaloren historia ere bitxia da. Berari buruzko informazio gutxi geneukan, izan ere, duela gutxi ohartu ziren Ignazia Zabalok Nor-Nai ezizenez sinatzen zuela, eta bera zela sinadura horren atzean zegoena. Hasieran pentsatzen zuten bere neben lanak zirela».
Ziordiak gaineratu duenez, Zabalok «oso lan txukuna» egin zuen, baina 36ko gerra baino lehen, 1931n, Bartzelonara joan zen, eta bertan desagertu zen. «Hor galtzen zen bere arrastoa. Pentsatzen dugu bertan hil zela», azaldu du.
Loli Lopez mendigoizalea (Donostia, 1930-2020) ere izan du hizpide ilustratzaileak. «Lopez ezagunagoa da, badagoelako bere izena daraman sari bat mendizaleentzat. Aitzindaria izan zen bere momentuan, izan ere, bera mendira joaten hasi zenean, emakumeak normalean ez ziren joaten. Saiatu gara emakume aitzindariak topatzen, belaunaldi berrientzat eredu izateko», azaldu du Ziordiak.
Taldeka sailkatuta
Liburu eta erakusketa honen bidez aldarrikatu nahi dute emakumeak «leku guztietan» egon direla. «Zamaketariek, adibidez, lanik astunenak egiten zituzten Erdi Aroan. Horrez gain, badaude emakume espioiak, funanbulistak eta baita oso ibilbide bitxiak dituztenak ere», azaldu du Crespok.
Emakumeak banaka jartzeaz gain, taldeka ere sailkatu dituzte, «gogoan izateko hor egon garela». «Frankismoarekin gauza asko aldatu egin ziren, baina garrantzitsua da emakumeek egindako lana ez ahaztea. Badirudi orain gauza batzuk egiten ditugula eta lehenengoak garela horretan; baina begiratzen hasten zara, eta konturatzen zara gauza horiek lehen ere egiten zituztela», nabarmendu du ilustratzaileak.
‘Euskal Herriko 40 emakume’ liburuaren egileek nabarmendu dute emakumeek aro eta arlo guztietan egin izan dutela lan
Ildo horretan, erraketistak ere aitzindariak izan direla azaldu dute egileek, «emakume independenteak» zirelako: «Euskal Herriko emakume asko Madrilera, Bartzelonara edo Atlantikoaren beste aldera joan ziren partidak jokatzera. Urte hauetan guztietan izen batzuk ezagunak izan ziren: Eugenia Iriondo La Eibarresa, Maria Antonia Uzkudun eta Elaida Altuna Irura».
Neskameak ere taldeka antolatu dituzte liburuan: «Euskal Herrian, duela gutxi arte, neska gazteen artean oso irtenbide arrunta zen. Ez ziren beti familia oso dirudunetara joaten. Batzuetan, hirian bizi zen senitartekoren baten etxean ere egoten ziren».
Eta sardinerek ere badute euren lekua: «Sardinaz betetako otzara zabala buruetan, emakumeak bideetatik ibiltzen ziren, erosle bila. Bilboraino iristen ziren batzuk. Irudia ikusgarria izango zen, eta leku askotan herriko sinbolo bihurtu da».
Horiez gain, emakume baserritarren, fabrikako langileen, kazetarien, saregileen eta zirgarien lana ere jasotzen du liburuak.
Hezkuntzarako tresna baliagarria
Egileen ustez, historikoki sinestarazi digute «ezinezkoa» dela emakumeek gauza batzuk egitea. «Gizonei interesatzen zaie hori isilik gordetzea. Bestalde, ez bada emakumeen historia idatzi, izan da historialariak ez daudelako historia horri begira», esan du historialariak.
Liburu eta erakusketa hau horrekin apurtzera dator, eta, azaldu dutenez, publiko zabalarentzat izateaz gain, hezkuntzarako ere interesgarria izan daiteke. «Liburua ikastetxeetan emakumeen historia ikasteko erabili daiteke, eta irakurketa errazekoa denez, euskara ikasten ari diren pertsonentzat ere baliagarria dela uste dugu», azaldu du Ziordiak.
«Ni ere euskara ikaslea naiz, eta badakit horrelako irakurgaiak behar direla; interesgarriak, baina aldi berean, irakurterrazak», gehitu du Crespok.
Gainera, irakasleen lana errazteko asmoz, akuarelaz, koloretako arkatzez eta collage teknika erabiliz egindako ilustrazioei detaile asko jarri dizkiete. «Gauza asko daude komentatzeko, detaile pila bat, eta hortik mamia atera daitekeela uste dut. Tira egiteko moduko hari asko aurkitu daitezke liburuan», adierazi du Ziordiak.