«Gimnasioetan ez bezala, frontoian ongi etorriak sentitu gara»
Galarretako frontoian, orain arte, soilik gizonek jokatzen zuten erremontera. Iaztik hona, ordea, Jone Arroyo (Lasarte-Oria, 1999) eta Maddi Etxeberria (Andoain,1998) hasi dira entrenatzen. Lehenengo emakumeak dira erremontean, eta espero dute azkenak ez izatea.
Nolatan hasi zineten erremontean jokatzen?
Maddi Etxeberria (M.E.): Kasualitate hutsez hasi ginen. Duela urtebete lagun batek gonbidatu ninduen erremonte partida bat ikustera, eta pentsatu nuen, ze guai. Pixka bat airean utzi nuen, eta udaran, animatu nintzen idaztera, probatu nahi nuela esanez. Endika Barrenetxeak super pozik erantzun zigun: «Ez dago emakumerik, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu zuek entrenatzeko aukera edukitzeko». Eta horrela hasi nintzen nire lagun batekin; eta gero, hilabetera, hasi zinen zu, Jone.
Jone Arroyo (J.A.).: Ni frontoian ez naiz sekula ibili. Lasartekoa naiz, eta iazko Zabaleta auzoko jaietan lehenengo pala txapelketa ez mistoa egin genuen. Hor hasi nintzen ni, militantziagatik, egia esan. Horren bueltan, emakume batzuk entrenatzen hasi ginen. Oso ahalduntzailea izan zen niretzat. Horietako asko ibiliak ziren Antiguako pala txapelketan, edo Egiakoan, baina nik ez nekizkien arauak ere, ia. Gogoz geratu nintzen kirol berriak probatzeko, eta lagun batek kasualitatez aipatu zidan Maddi hasi zela, eta orduan animatu nintzen!
M.E.: Eta orain erresistentzia gara, zeren hirugarren lagunak utzi egin du, eta biok geratu gara orain, eskuz esku.
Jende gehiagoren bila ari zarete, beraz.
M.E.: Hori da. Oraingoz gu biok bakarrik gabiltza, eta biotako bat falta bada, ezin izaten dugu entrenatu. Iritsiko da unea, baina oraindik ez gaude mutilen mailan entrenatzeko moduan.
Gipuzkoa osoan ez al dago neskarik?
J.A.: Zesta-puntan badabiltza Gernika eta Markina inguruetan emakume pila bat. Palan ere nahikotxo: Donostian, Hernanin, eta abar. Baina erremontean, guk dakigula, ez.
M.E.: Endikak ere hala esan zigun, badirudi lehenengoak garela. Ez dakit historian, baina orain behintzat, bai.
Zergatik erremontea orduan?
M.E.: Ba, hemen, Galarretako frontoian, egiten dena hori delako, besterik gabe.
J.A.: Galarreta beti egon da hor, Hernaniren, Lasarteren eta Donostiaren mugan, irla baten moduan, autoan pasatzean ikusteko. Niretzat itxita zegoen, eta ez; hor azpimundu bat dago, oso aktiboa.
M.E.: Oso giro ona dago, eta egon naizenetan oso ondo pasatu dut, oso giro maskulinoa den arren.
Zein da aldea zesta-puntarekin?
M.E.: Batean, pilota hartu egiten duzu, eta bestean, ez. Erremontea azkarragoa da, beraz. Hasteko, inteligenteagoa da zesta-puntan hastea, mantsoagoa delako, baina hortik aurrera ez galdetu zeintzuk diren xehetasunak.
Hasiera zaila izaten ari al da?
M.E.: Ni frontoian dezente ibilitakoa naiz. Hasieran, pentsatu nuen, «palan ibilita, erraz». Kaka zaharra, erraz! Oso kirol frustragarria da. Aldi berean, zeure bururarekin lehia egiten duzu, eta zerbait ona egitea lortzen duzunean, gehiago nahi duzu. Erronka polita izaten ari da; pilota mugitzeko gai ez izatetik, partidatxoak egiteko gai gara orain.
J.A.: Nik ez dut horrela bizi izan. Beranduago hasita, beldur pixka bat nuen arren, martxa hartu nion, eta niri ez dit frustraziorik ekarri. Egia da ni ez naizela oso lehiakorra, eta horrek laguntzen duela. Pozik nago zerbait berria delako nire bizitzan, eta horrekin, ondo. Beste kiroletara ohituagoak gaude: izan saskibaloia, futbola… Hemen, zesta lotzearekin soilik, nahiko lan!
Beti hor egon den zerbaitera modu berri batean iristen ari zaretela sentitzen duzue?
J.A.: Niretzat, gurea ez den espazio bat okupatzea izan da. Soilik iruditerian, emakume bakar bat ere ez egotea…
M.E.: Pentsa, aldagela bakarra dago frontoian.
J.A.: Eta kisketa gehitu behar izan diote guk erabili ahal izateko!
Zer jarrera topatu duzue?
J.A.: Bertako gizonek ez dakite ondo gurekin nola jokatu; entrenatzaileak berak ere ez. Nahiko heldua da bera, eta batzuetan lekuz kanpo topatu dugun arren, oso jarrera irekia izaten ari da gurekin. Eta erremontean dabiltzan beste gizonen aldetik ere oso ondo.
M.E.: Gimnasioaren moduko lekuetan oso epaitua sentitu zaitezkeen arren, frontoian oso ongi etorriak sentitu gara. Haiekin kointziditzen dugunean, laguntzen saiatzen dira, oraindik elkarrekin aritzeko mailarik ez dugun arren.
Egia da oraindik ez garela jendaurrean aritzen. Ikusi beharko da orduan zein den jarrera. Publikoa gizon helduak dira: apustuak egiten eta puruak erretzen…
J.A.: Ikusgarritasun publikorik ez duen kirola izateak horretan laguntzen du. Ez dago espektatiba handirik.
M.E.: Ezta presio estetikorik ere.
Zein zentzutan?
M.E.: Balleta egiten hasiko banintz jendeak gaizki begiratuko lidake: ez nagoelako super argala, ez dudalako adin konkretu bat, eta abar. Eta frontoia bada beranduago hasi zaitezkeen kirol bat.
J.A.: Ez dago inor, ez dago eredurik, eta orduan mihise zuri bat da emakumeon parte hartzea.
Zergatik uste duzue dela?
M.E.: Ezjakintasunagatik. Informazio falta dago, bestela, jendea animatuko litzatekeela uste dut.
J.A.: Erreferenterik ez egoteak ere eragiten du. Zesta-puntak emakume gehiago mugitzen ditu, besteak beste, telebistan ateratzen delako.
M.E.: Bigarren planoan dagoen kirol bat da, eta niretzat, hori positiboa da.
Emakumeen parte hartzea aldatzen ari al da frontoian ?
J.A.: Pala txapelketen harira, badabiltza emakumeak antolatzen, gure inguruan behintzat.
M.E.: Bai, baina palan edo frontenisean soilik. Esku pilotan eta zestan, jada gutxixeago dira. Eta erremontean, esandakoa, oraingoz gu biok bakarrik!
J.A.: Txapelketa herrikoiek laguntzen dute. Niretzat ahalduntzailea izan zen moduan, askorentzat ere izan da. Eta publikoa bera ere aldatzen da. Erremontera neskak ere animatuko dira, ikusiko duzu.
M.E.: Hori da gure asmoa behintzat!