Mugimendu feministak kaleak bete ditu berriz ere Donostian
Martxoaren 8aren bueltan, milaka pertsona manifestatu dira aurten ere Donostian, mugimendu feministak deituta. Zaintza jarri dute erdigunean, 'Dimentsio guztiak', 'Gure bizitzekin negoziorik ez!' eta '¡Haceos cargo ya!' lelopean.
Antiguako tuneletik abiatu da Martxoaren 8ko Donostiako manifestazioa, eta, azken urteotan gertatu den moduan, jende andana mobilizatu da, manifestazioaren burua Londres hotelera heltzen ari zenean isatsa oraindik Antiguako tunelaren inguruan baitzegoen.
Askotariko aldarrikapenak oihukatu dituzte ibilbide guztian zehar, eta Bulebarrean egin dute irakurketa, inguru guztia lepo beteta zegoela. Nabarmendu dute “emakume, trans, bollera, migratu eta arrazializatuak etengabe zapaltzen dituen munduan justizia exijitu eta horien ahotsa entzuna izan dadin” mobilizatu direla. “Lan munduan zein dohainik eta aitortzarik gabe egiten ditugun zaintza lanetan gure lan indarra esplotatzen duen sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialari aurre egin beharra diogu”, gehitu dute
Hain zuzen ere, zaintzan jarri dute fokua: !Horrexegatik atera ginen grebara azaroaren 30ean. Greba feminista orokorrera. Zaintza sistema publiko eta komunitario bat defendatzera. Zaintza eskubide kolektiboaren alde atera ginen. Atzo eta gaur etxeko langileen, etxez etxeko laguntzako langileen eta erresidentzietako langileen egoerak ozen salatzera atera gara”. Ildo beretik, salatu dute soldata eta pentsio arrakala eta lan feminizatuen prekarietatea “lanaren banaketa sexual eta arrazista betikotzen duen sistema baten icebergaren punta” baino ez dela.
Azken hilabeteotan, Zainketen Aldeko Euskal Itunaren inguruan asko hitz egin da Eusko Jaurlaritzatik, baina hori “zirkutzat” jo du mugimendu feministak, “alfonbra gorria jartzen dietelako sektorea pribatizatzen duten enpresei”. “Zainketen pantomima Donostiako postala bezalakoa da: prekarietatea, desberdintasunak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasuna ezkutatzen ditu”, gaineratu dute.
Era berean, nabarmendu dute zaintza zerbitzuen, Osakidetzaren eta beste hainbat zerbitzuren pribatizazioek soilik zentzua hartzen dutela “gobernuek oinarrizko zaintza beharrak asetzearen erantzukizuna beste leku batean kokatzen dutenean: familiengan, zehazki, emakumeengan eta, bereziki, emakume migratu eta arrazializatuengan”. Emakume horiek prekarietate handia pairatzen dute egiten dituzten etxeko eta zaintza lanetan, eta, mugimendu feministak gogorarazi duenez, “prekarietatea indarkeria da”.
Halaber, salatu dute emakume ijitoek eta emakume transek bestelako bazterkeriez gain, halako lanetan ere bazterkeria pairatzen dutela. “Pobrezia eta bazterketa dela eta, emakume askok kartzelan edota sexu industrian esplotatuta, estigmarekin eta eskubiderik gabe bukatzen dute. Sexu lana lana dela aldarrikatzen dugu. Indarkeria ekonomikoarekin bukatu nahi dugunez, ez dugu soilik Atzerritarren Legea bertan behera geratzea exijitzen, egiturazko arrazismoaren aurka borrokatzeko aldarria ere zabalduko dugu!”, gehitu dute.
Palestina gogoan
Gerrak pairatzen ari diren emakumeekin ere gogoratu dira gaurkoan, bereziki, Palestinakoekin: “Gazan sarraskia egiten ari dira eta palestinar herria bizi da! Erresistentzian dauden gure kide palestinarrei: Euskal Herriko Mugimendu Feminisita zuekin da!”.
Gerretako indarkeriaz gain, indarkeria matxistan ere jarri dute fokua gaurkoan, eta gogorarazi dute azken hogei urteotan “118 emakume eta hamabi haur” indarkeria matxistarengatik erailak izan direla. Ildo beretik, emakume ez heteronormatiboen aurka ematen ari den indarkeria matxistaren gorakada salatu dute. Horren aurrean, EAEn Trans Legea onartu izana “abiapuntu ona” dela esan dute, baina asko dagoela oraindik egiteke, “egiazko berdintasuna eskuratzeko”.
“Orain inoiz baino gehiago, argi dugu autodefentsa feminista eta klase elkartasun internazional feminista eta antirrazista behar-beharrezkoak direla. Eta badakigu zaintzen borroka dela eraldaketa sozial erradikalerako gure tresna”, gaineratu dute.
Pentsiodunei aitortza
Amaitzeko, emakume pentsiodunen borrokari aitortza berezia egin diote, “eredutzat” jo baitituzte: “Abortuaren eskubidearen alde egin zenuten berberak gaur pentsio sistema publiko baten aldeko bandera duzue esku artean. Bost urte igaro dira astelehenero plazak hartzen hasi zinetenetik, pentsio arrakala seinalatuz sistema osoa auzitan jarriz. Eskerrik asko egiten duzuen borrokagatik. Eredu zarete!”.
Egungo pentsioak borrokatzeaz gain, “etorkizuna marraztea” da erronka, nabarmendu dutenez. “Beharrezkoa dugu zaintza sistema publiko, komunitario, unibertsal eta kalitatezkoaren inguruan hausnartzea, interes kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta koloniala gaindituko duena. Lan guztiak aitortu eta berrantolatuko dituena. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituena. Hau da gure alternatiba feminista eta antirrazista”, azaldu dute. Horrela, antolatzera deitu dituzte feminista guztiak: “Eraiki norbere lekutik, lubakitik, Donostiako Asanblada Feministan parte hartuz eta antolatuz, oso txiki geratzen ari den emakumeen etxean batzen garela eta udala interpelatuz, baina bereziki, eta gehien bat, borrokan gozatuz”.