Suteak prebenitzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak nahi dituzte
Duela hiru aste Fermin Calbeton kaleko Zumeltzegi tabernan izandako suteak areagotu egin du Parte Zaharrean aurretik presente zegoen kezka. Izan ere, ostalaritza establezimendu asko daude auzoan, eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak dio ez direla behar bezain beste kontrolatzen.
Ganbara, Txuleta, A Fuego Negro, Txalupa, Sirimiri, Portaletas (bi aldiz), Ambigu, Haizea, Tiburcio, La Colchoneria, Astelehena, Juanito Kojua, Senra Zaharrean (bi aldiz) eta Zumeltzegi. Horiek dira, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak dituen datuen arabera, 2009tik suteren bat izan duten auzoko ostalaritza establezimenduak. Hamasei dira guztira, eta horietako bederatzi azken bost urteotan izan dira, ia urtean bi.
Egoera kezkatzeko modukoa da, eta Parte Zaharreko bizilagunak «oso kezkatuta» daudela nabarmendu du auzo elkarteko presidente Iñigo Cabañas Etxeberriak: «Psikosis horretan, igande honetan bertan, suhiltzaileak etorri ziren berriz Narrika kalera, baten batek kea ikusi zuelako. Eta ez zen ezer, sukalde batean kozinatzen ari ziren zerbaitek ateratzen zuen kea baino ez, baina jendea oso kezkatuta dagoenez, ke pixka bat ikusi bezain laster deitzen du».
Kezkatzeko arrazoiak, ordea, ez dira makalak, suteek arazo larriak sortu ditzaketelako, bai sutea gertatzen ari den unean bertan eta baita ondoren ere. Horren erakusgarri dira azken bi suteak, Cabañasek azaldutakoaren arabera —Senran abenduan gertatutakoa eta Zumeltzegin otsailean izandakoa—: «Senra tabernaren eraikineko bizilagunak egun batzuen buruan itzuli ziren euren etxeetara, justu tabernaren gaineko bizilaguna izan ezik. Hori oraindik ez da itzuli, eta hilabete batzuetarako izango du. Zumeltzegikoaren kasuan, hainbat bizilagun oraindik etxetik kanpo daude. Eta euren etxeetara itzuli direnek esan didate pitzadurak eta halakoak ateratzen ari zaizkiela etxean. Bestalde, aseguru etxeekin borrokatu behar dute ordainketen inguruan, eta, gainera, ordainketak ez dira berehalakoak izaten».
Manifestaziora, neurriak eskatzeko
Zumeltzegikoa urak gainezka egiteko falta zen tanta izan zen, eta, hain zuzen ere, pasa den larunbatean kalera ateratzea erabaki zuen Parte Zaharrean Bizik. Horrela, manifestazioa egin zuten auzoko kaleetan barrena, aldarrikapen argi batekin: suteen aurkako prebentziorako udal ordenantza bat garatu behar dela.
Cabañasek azaldu duenez, estatuko beste hiri batzuetan badaude halako araudiak, eta hiru puntu nagusi ditu euren proposamenak. Alde batetik, ordenantza horrek ostalaritza establezimenduetako tximiniak eta erauzgailuak garbitzeko epe jakin batzuk zehaztea: «Horrelako lanak egiten dituen enpresa batekin harremanetan jarri gara, eta euren gomendioa da tximiniak urtean behin garbitzea eta suburuak urtean bitan. Egungo araudiek, aldiz, esaten duten mantenu lanak egin behar direla, baina ez dute epe zehatzik adierazten». Oso beharrezkotzat jo du auzo elkarteak neurri hori, izan ere, Cabañasek nabarmendu du tximinia eta erauzgailu asko zaharrak izateaz gain, «koipez beterik» daudela, eta, beraz, sua azkar zabaldu daitekeela horietatik. Gainera, kontuan izan behar da auzoko eraikinen egiturak egurrezkoak direla.
Bestetik, auzo elkartearen aburuz, ordenantza horrek agindu beharko luke suburu industrialek sua itzaltzeko sistema automatiko bat edukitzea: «Kostu bat dauka horrek, noski, baina existitzen dira halako sistemak, eta ezbehar asko saihestuko lirateke sistema horiek jarriz gero. Hain zuzen ere, potentzia jakin batetik gorako sukalde berrietan derrigorrezkoa da halakoak instalatzea, baina zaharrek ez dituzte sistema horiek, jakina».
«Jendea oso kezkatuta dagoenez, ke pixka bat ikusi bezain laster deitzen die suhiltzaileei»
Iñigo Cabañas Etxeberria, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko presidentea
Azkenik, udalaren kontrola areagotu behar dela nabarmendu du Cabañasek, eta hori ere aldarrikatzen duten ordenantzan sartu behar dela: «Inspekzioak egitea eskatzen dugu, irizpide zehatz batzuk ezarriz. Izan ere, gaur egun, ostalaritza establezimendu bat irekitzean agian joaten da udaleko teknikariren bat, baina gero establezimendu horrek aldaketak egiten baditu, hara ez da inor joaten egoera kontrolatzera».
Bestalde, tabernetan eta jatetxeetan ez ezik, biltegietan ere jarri du fokua auzo elkartekoak: «Honekin lotuta dago biltegien gaia, izan ere, auzoko gero eta lokal gehiago biltegi gisa erabiltzen dira. Biltegiek, beste edozein jarduerak bezala, lizentzia behar dute eta baldintza jakin batzuk bete behar dituzte. Ordea, Parte Zaharreko biltegien %75 ez daude legeztatuta. Orduan, iruditzen zaigu halakoek ere arrisku puntu bat dutela, legeztatu gabe daudelako, eta, beraz, ez dakigulako zer biltegiratzen duten, suaren aurkako neurririk duten, eta abar».
Kezka eta proposamena, udalera
Cabañasek nabarmendu duenez, auzo elkarteak badaki udalean suteen gaiarekin «kezkatuta» daudela, nahiz eta oraindik ez duten gaiaren inguruko erantzunik jaso udaletik.
Aipaturiko ordenantzaren proposamena «formalki» erregistratuko dutela jakinarazi du, baina argi dauka udalak dagoeneko izango duela horren berri: «Larunbateko manifestazioaren eta azkenaldian gertatutako guztiaren ondoren, kezkaren eta gure eskaeren berri izan behar zuenak dagoeneko izan du horien berri».