Turismoaren irabaziak garbitzaileen bizkar
Turismoaren zama bizkarrean, hoteletako logelak garbitzen dituzten emakumeek orduak ematen dituzte presiopean lanaldi pisutsuak aurrera ateratzeko. Gainkarga eta etengabeko segurtasunik eza nagusitzen dira euren egunerokoan. Lan egiteko modu horrek, ondorio zuzenak ditu euren osasunean, eta denboran luzatutako lesioak daramatzate arrastaka. Erabat akituta egon arren, etengabe ari dira euren eskubideak defendatzeko borrokan. Hobekuntzak lortu dituzte, baina jakin badakite bide luzea dutela aurretik.
Goizeko bederatziak hamar gutxi dira Parte Zaharreko Lasala Plaza hotelean. Dozena erdi emakume elkartu da aldagelan, eta uniformea jantzi berri, hasi dute pilula trukaketa. Nolotila batek, ibuprofenoa besteak, eta aspirinak eta parazetamolak ere eskaini ditu hirugarrenak. Enantyum eta voltaren ere badituzte, farmako zerrenda amaigabe horretan. Iragan egunetan pilatu dituzten zamak eta minak arintzeko esperantzarekin irentsi dituzte medikamentuok. Jakin badakite, ordea, zortzi orduko lanaldi pisutsuak zamak eta minak ugalduko dituela, beste behin.
«Hala hasten dira gure egunak», adierazi du Estela Rodriguezek (Canelones, Uruguai, 1978), emakume talde horretako kideetako batek. Gaineratu du medikamentuen elkar trukaketak egunean zehar ere jarraitzen duela, hori baita hoteletako logelen garbitzaile lanetan aritzearen ondorio zuzena: «Esnatzen zaren unetik duzu mina eta une oro zaude nekatuta».
Rodriguezen antzera, 1.000 eta 2.000 langile artean ari dira hoteletako garbitzaile Gipuzkoan; kasik gehienak, Donostian. Turismoa diru iturri duen hiri batean, genero desberdintasuna nabarmena izaten jarraitzen du sektoreko lan indarrari dagokionez. Hoteletako langile talde handiena osatzen dute garbitzaileek —lantalde osoaren %33— eta funtsezkoenak dira sektorean. Beraien baldintzek, baina, kaskarrenak izaten jarraitzen dute: soldata baxuenak dituzte eta ez dute maila igotzeko aukerarik, apenas.
Hoteletako garbitzaileen egitekoa «zaintza lana» dei litekeenaren barruan koka daiteke, historikoki eta kulturalki emakumeei esleitu zaizkien zereginekin egiten duelako bat. Nolanahi ere, ekoizpen eremuko funtzioak dituzte, eta, horrenbestez, gizarte gutxiespenera daude kondenatuta. Sektore prekarizatua, feminizatua eta arrazializatua da; baina, batik bat, ikusezina: «Grisez edo beltzez janzten gaituzte, gu isilarazi, eta gure aldarriak, beharrak eta nahiak ere ikusezin izan daitezen», adierazi du Rodriguezek.
«Grisez edo beltzez janzten gaituzte, gu isilarazi, eta gure aldarriak, beharrak eta nahiak ere ikusezin izan daitezen»
Estela Rodriguez, Lasala Plaza hoteleko garbitzailea
Sareetatik, borroka kolektibora
Urteetako isiltasun horrekin nazkatuta, mahaian kolpea eman zuten 2014an. Facebookeko orrialde bateko solasaldien haserretik abiatuta, modu antolatuan jarduten hasi ziren Espainiako Estatuan. Kelly ezizena bereganatu —gaztelerazko las que limpian esalditik eratorritakoa—, eta turismoaren sektorearen lotsariak jarri zituzten agerian, emakume langileek sortutako plataformaren bitartez.
Prekarizazioari eta hura ahalbidetzen duten organismoei begietara begiratuta, sektorea mobilizatu eta ordezkariengana eraman zituzten euren aldarriak: Espainiako presidentziara iritsi ziren lehenik, eta Europara jo zuten ondoren. Euskal Herrian ordezkaritzarik ez dute izan, baina sindikatuek plataformak bultzatutako olatua baliatu dute, aldarrikapenak zabaldu eta lan baldintza duinen borrokan jarraitzeko.
ELA sindikatuan Mari Luz Rodriguez (Altza, 1976) da arduraduna, eta azaldu du, Espainiako Estatuko zona askorekin alderatuta, baldintzak nabarmen hobeak direla Gipuzkoan. Gurean, Ostatuen Hitzarmen Kolektiboaren baitan egiten dute lan hoteletako garbitzaileek, 2013tik. Nolanahi ere, lan baldintzak hobetzeko eskaera zerrenda amaigabea izaten jarraitzen dutela adierazi du arduradunak: «Sektorean gehien sufritzen duen langile taldea izanda, derrigorrezko dituzte euren zama fisiko eta psikologikoak arinduko dituzten neurri sorta».
Bide horretan, lanaldi bakoitzaren ratioak erregularizatzeko betebeharra «gehitu» dute 2022an egindako hitzarmenera. Hau da, langile bakoitzari dagokion logela kopurua zehaztea: «Sei edo zortzi orduko lan fisikoa du emakume talde honek, eta muga bat jarri behar zaie gehiegikerietan dabiltzan enpresei».
Arduradunaren arabera, askotariko kasuak topatu daitezke Donostian, besteak beste, asko baldintzatzen baitu hotelaren izar kopuruak eta enpresaren kudeaketa ereduak: «Egunean 18-19 logela egiten dituzten langileak ditugu, beste batzuetan 20-21 logela egiten ari direnak eta, kasurik onenetan, eguneko 13-14 logela egiten dituzten hotelak daude».
Azken talde horren parte da Estela Rodriguez, baina zifra horiekin ere, egitekoa «ikaragarri pisutsua» dela dio. Sei urte daramatza Lasala Plaza hotelean, eta bizitza erdia ostalaritzan egin badu ere, aitortu du «halako nekerik» ez duela aurretik ezagutu: «Bi semeak txikiak nituela hasi nintzen ogibide honetan, kontziliaziorako ordutegiak hobeak izango zirelakoan, baina urte hauetan barrenak xurgatu dizkidate». Gaineratu du ordu libreak atseden hartzeko baino ez dituela baliatzen: «Bi eguneko atsedenaldia izaten dugu, eta horietatik bat igaro behar dugu etzanda, indarberritzeko».
«Oheak leban igo eta jaisten igarotzen ditugu 6-8 ordu, eta horretan ez gabiltzanean, produktuz eta maindirez betetako orga pisutsuak garraiatzen ditugu»
Estela Rodriguez, Lasala Plaza hoteleko garbitzailea
Rodriguezen arabera, antzeko daude bere lankide guztiak ere. Dioenez, 45 urtetik gorakoak dira ia denak, emakumezkoak eta seme-alabak dituzte: «Sektoreko asko ama bakarrak dira eta zama handiak dituzte. Gure familia aurrera ateratzeko ez balitz, ez ginateke hoteletan ibiliko».
Estela Rodriguezek azaldu du, halaber, bistakoa dela urteetan egindako lan fisikoak gorputzean eragiten dituen ondorioak: «Oheak leban igo eta jaisten igarotzen ditugu 6-8 ordu, eta horretan ez gabiltzanean, produktuz eta maindirez betetako orga pisutsuak garraiatzen ditugu». Hori horrela, ergonomia zaintzearen beharra aldarrikatu du etengabe. Batik bat, oheak altxatzeko sistema hidraulikoak berehala ezartzearen aldeko hautua egin behar dela dio.
Sistema hidraulikoen beharra da, hain zuzen, sindikatuek ratioak zehazteko duten oztopo bakarra. ELAtik azaldu dutenez, logelek izan ditzaketen ezaugarri guztiez gain, lanabes eta beharko lituzketen laguntza sistemak neurtu behar dituzte. Hor sortzen ari dira arazoak, balorazio ergonomikoa funtsezkoa baita, langilearen beharrak eta esfortzuak kontuan hartzeko. «Hotelak behartuta daude azken hitzarmenean adostutako neurri berria indarrean izatera. Horretarako, 40.000 euroko inbertsioa egin beharko dute hotel gehienetan». Presioa sartzen ari direla baieztatu dute sindikatutik, baina Donostiako hoteletan oraindik ez dute langileen lunbarretako karga %30 murriztuko duen planarentzako inbertsiorik egin.
Lunbarrak txikituta
Egunero igotzen eta jaisten duten pisua dela eta, etengabeak izaten dira lesioak, baina ez dira laneko gaitz gisa aitortzen: «Ez da lunbalgiarik, ez karpioko tunelik, ez zerbikaletako edo gerrialdeko gaitzik, ez dute ezer onartzen mutualitateek», azaldu du ELA sindikatuak. Gizarte Segurantzak lanbide gaixotasun gisa onartu zituen 2018an. Hala ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean esplizituki onartuta ez daudenez, praktikan ere, mutualitateak ez daude onartzera behartuta.
Estela Rodriguezen arabera, halaber, minak gutxiesten saiatzen dira medikuarengana joan behar duten aldiro: «Adinarekin garatutako gaitzak direla esaten dizute, edo endekapenezko artrosia dela». Bi operazio izan ditu langileak honezkero, bitan zatitu zaizkion bi tendoirengatik, eta egun, metalezko torloju batek eusten dituen arren, gorriak ikusten ditu manta pisutsuak altxatu eta oheak egiterakoan: «Lau eta bost izarretako hotelak estetikari begira daude sortuta, eta langilearen kalterako izaten da, ez baitute altxatu behar dugun materiala inongo momentutan kontuan izan». Hori horrela, ezinbestekoa ikusten du Kellyen plataformak proposatu bezala, 58 urtean ezartzea erretiro adina: «Batzuetan lurrean botata eta toalla batekin garbitzen ditut komunak. Argi daukat aurretik jubilatzen ez banaiz, hori egitea bideraezina izango dela etorkizunean».
Presioak, langileen amesgaizto
Gaixotasun fisikoaz harago, «buru osasuna da kezkagarriena» Mari Luz Rodriguezen arabera, baina, «horiek bai ez dituztela onartuko ez bizitza honetan, ez hurrengoan ere». ELA sindikatuko arduradunaren hitzetan, eguneroko ogi dira «hurrengo egunean lana utziko duela esanez, negarrez hots egiten duten langileak». Errotazio handia dagoela dio Yolanda Estevez garbitzailek ere (Altza, 1972), «hoteletan sartzen diren guztiak ez baitaude etengabeko presiorako prest».
Estevezek Arima hotelean egiten du lan duela sei urtetik, eta behin baino gehiagotan ikusi ditu langileak jardunaldiaren erdian alde egiten: «Gainezka egiten dute askok, ezin dutelako erritmoa jarraitu eta ez direlako gai ikusten ordu erdian logela bat hutsetik garbitzea». Dagoen lan erritmoa ikusita, Estevezek berak ere nahiago du logelarik ez zapaldu: «Azpiko kategorian nago eta are gutxiago kobratzen dut, baina eremu komunetara mugatzen naiz, gora eta behera presiopean ibili beharrean».
Garbitzaileek jasotzen duten etengabeko gutxiespenak eta gizatasun faltak eragiten du, besteak beste, muturrera iritsi eta depresioa edo antsietateagatik, bajak eskatu behar izatea. Horretan ardura handia dute hoteletako gobernantak eta zuzendariek, Estela Rodriguez eta Mari Luz Rodriguezen irudiko, batik bat, kateen parte diren hotelen kasuan: «Munduko beste lekuren batetik ekartzen dituzte zuzendari eta gobernantak, eta etengabe daude zartailuarekin, langileak estutu eta estutu, badakitelako, urte batzuen buruan, alde egingo dutela».
Hori horrela, euren puntuazioak hobetzea dute jomuga bakarra, Estela Rodriguezen iritziz: «Iruzkinei begira ibiltzen dira une oro, eta txarren bat jasotzen duten bakoitzeko, kontrolak areagotzen dituzte». Azaldu duenez, ohikoa da euren lanerako balio ez dutela entzutea, eta nahikoa ez direla sentiaraztea: «Ditugun epeekin eta gela kopuruarekin ezinezkoa da dena primeran garbitzea. Langile asko itzali egiten dituzte etengabeko presio eta iruzkin txarrekin».
«Munduko beste lekuren batetik ekartzen dituzte zuzendari eta gobernantak, eta etengabe daude zartailuarekin, langileak estutu eta estutu, badakitelako, urte batzuen buruan, alde egingo dutela»
Estela Rodriguez, Lasala Plaza hoteleko garbitzailea
Egoera horretan, berriz, zortedun sentitzen da Estevez, jakin badakielako tokatu zaion arduraduna arrotza dela sektorean: «Postu horretan dauden asko, garbitzaile egondakoak dira aurretik, baina maila igoera izan bezain laster ahazten dute gu bezala aritzea zer den. Nireak, behintzat, oraingoz gogoan du».
Azpikontratazioa nagusi
Lanari dagozkion iruzkin txarrei, ogibideak berak duen iruditeriarenak gehitu behar zaizkio. Lanpostuok ez du titulaziorik behar, eta hala, soldatan ez ezik, hartu-emanean ere sumatzen dituzte aldaketak: «Alde handia dago harrerako langileek eta garbitzaileek gainetik jasotzen duten tratuaren artean», azaldu du ELAko arduradunak.
Aldea, baina, are nabarmenagoa da hoteleko kontratua dutenen eta azpikontratatuta daudenen artean. «Kanpoko enpresen bitartez lanean daudenak migranteak dira nagusiki, askotan hizkuntza ere ez dute menderatzen eta nahi dutena egiten dute haiekin». Azaldu duenez, «sartzea errazagoa izaten da, ez baitute kredentzialik edo gomendiorik eskatzen outsourcing enpresetan». Txanponaren ifrentzuan, ordea, baldintza kaskarrenak dituzte: «Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak dira, eta, kasu askotan, ez diete dagokion ostatu hitzarmena aplikatzen». Kexatzea ere debalde da, hiru hileko probekin hasten direnez, «lehen iruzkinarekin berritzea galarazten dietelako».
Azpikontratatutako enpresa bateko langilea da Ainhoa Fernandez (Loiolako Erribera, 1969). Egun, Londres hotelean egiten du lan, baina aurretik Amarako Zenit San Sebastian, Erdialdeko Zenit Convento eta Antiguako Costa Vasca hoteletatik pasatu da. Egungo hotelean, beste askotan gertatzen den moduan, langileen gehiengoa kanpoko enpresa baten mende dago, eta urte asko damatzatenek baino ez dute hotelaren kontratu zuzena: «Garbitegian eta lentzerian aritzen dira hoteleko kontratua dutenak. Azpikontratatuak gaudenak, aldiz, logelak egin behar ditugu». Nolanahi ere, jakin badaki azken urteotako aldaketekin dezente aldatu direla bere baldintzak: «Aurretik hiru euro kobratzen genituen, 300 euroan eskaintzen zuten logela bakoitzeko».
Azken urteotan, gainera, hotelak ez ezik, pisu turistikoak ere garbitzen dituzte azpikontratatuko langileek. Baldintzak are makurragoak direla dio ELAko ordezkariak, gainerako kideen hitzarmen berdina duten arren, testuingurua ez delako berdina, ez segurtasun aldetik, ezta baldintza aldetik ere: «Hasteko, ez dago legerik langilea etxebizitza barruan dagoela, bezeroa ere bertan egotea debekatzeko». Hala, emakume asko dira etxe batetik bestera ibiltzen direnak, zenbat lagun eta zer nolako baldintzatan topatuko dituzten jakin gabe.
Era berean, zailagoa da emakume talde horren ratioa zenbatzea. Izan ere, «ez da kontuan hartzen ez garraiobidea, ez garraio denbora ere». Are gehiago, logelak baino gehiago, luxuzko etxebizitza handiak izan ohi direla dio Rodriguezek, «jacuzzi eta guzti, askotan».
«Lan erreformak segurtasun eta egonkortasun falta ekarri die emakume hauei, ezin direlako zortzi hilabeteko kontratuarekin bizi eta beste baten bilaketan hasten dira»
Mari Luz Rodriguez
Etenik gabeko goi denboraldia
Baldintza horiei guztiei, lan erreformak eragindako kalteak gehitu behar zaizkio, sindikatuko ordezkariaren iritziz. Batik bat, aldizkako lan kontratu finkoa da horren erantzule: «Lanaldi osoko kontratu mugagabeak saihesten saiatzen ari dira hoteletan, Donostian, goi sasoia urte osoan zehar mantentzen delarik». Inolako bermerik gabe, gehienek 8-9 hilabeteko kontratuak egin eta langabeziara jo behar dute: «Erreforma horrek segurtasun eta egonkortasun falta ekarri die emakume hauei, ezin direlako zortzi hilabeteko kontratuarekin bizi eta beste baten bilaketan hasten dira».
Bi kontratuak uztartzerakoan hasi ohi dira arazoak: «Lau hilabeteko beharrean, sei hilabetekoa topatzen badute, uztartu egin behar dituzte, eta bestela bat utzi». Hori, baina, kaltegarria izaten da etorkizuneko langabezia prestazioa eskatzerako orduan: «Langile asko ditugu prestaziorik gabe gelditze direnak, jatorrizko enpresa borondatez utzi dutelako».
Euskal kellyak zeruertzean
Baldintza horien aurrean, etorkizunera begira ere borrokan jarraitu beharko dutela dio Estela Rodriguezek. Garbitzaileen artean pausoak emateko beldur handia dagoela daki, baina kideak saretzeko plataforma bat sortu nahi du Gipuzkoan: «Ezerezean amaitzeko itxura duten borroken aldekoa naiz ni, baina hemen ere sortu dezakegu gure indarrak batuko dituen mugimendu propioa».
Espainiako Estatuko Kellyak erreferentzia gisa, antzeko zerbait sortzea gustatuko litzaioke: «Beste maila batean gaudela sentitzen dugu, hemen soldata eta hitzarmen hobeak ditugulako, baina gure testuingurua eta gizartea kontuan hartzen badugu, beharbada ez gaude hain ondo». Hori horrela, lankideak animatzen ari da egunotan: «Kide guztiengatik egin nahi dut, gizarte honetan garrantzia daukagula defendatu eta piramidearen oinarrian bagaude ere, gauzak aldatu ditzakegula sinestarazteko».