Amiantoak Marrusen kutsatu duen eremua estaliko dute
Donostiako Udalak asteartean egingo du eskaera, eta hiru hilabeteetan egingo dira lanak.
Donostiako Udalak asteartean eskatuko du Altzako Marrus baratzeetako amiantoz kutsatutako eremua estaltzeko. Hala adierazi du Noticias de Gipuzkoa egunkariak. Adierazi dutenez, lanak Moyua enpresak egingo ditu, prozesu horretarako deitutako lehiaketa publikoa irabazi baitu, eta kostua 230.700 eurokoa izango da. Lanen epea, berriz, hiru hilabetekoa.
2017 urtean, ireki eta bi urtera, itxi behar izan zuten ortuen eremua, material arriskutsua atzeman ondoren. Ordutik, herritarren 138 baratzeak itxita mantendu dituzte, eta orain, kutsatutako lurra estaliko dute. Azaldu dutenez, jarduera Altzako kiroldegiaren aldameneko Larreseko ibarbidean egindakoaren oso antzekoa izango da. Hala, lehenik eta behin, kaltetutako azalera landarez garbituko dute, eta lamina bat jarriko dute ondoren, arriskuaz ohartarazteko. Eremuan, halaber, informazio panela eta hesi bat ezarriko dute, kalte oro saihesteko.
Lanak datozen asteetan hasiko dira, eta aurreikusi dutenez, ur hornidurako instalazio berri bat sortuko dute kutsatutako eremutik kanpo.