Mozketak egingo dituzte bihar Ibaeta eta Añorgako errepideetan
Añorga eta Ibaeta auzoetako trafikoan eragina izango du biharko antolatu duten duatloiak.
Donostiako Mugikortasun sailak jakinarazi duenez, Ibaeta eta Añorga zeharkatuko dituen duatloiak trafikoan izango du eragina, 10:00etatik 12:30ak bitarte. Hala, kirol probak dirauen denbora tarte horretan itxita egongo dira Errotazar eta Aingeru Zaindaria bideak; Ibaetan ezingo da ibilgailurik irten Igara bidetik (Errotabururako noranzkoan) eta Lautximinietako biribilguneko kanpoko erreia itxita egongo da. Era berean, Bernardo Estornes kalean ere eskuineko erreia moztuko dute, Loreako noranzkoan.
Errotaburuko zonaldeari dagokionez, ibilgailuak garajeetatik sartu eta irten ahal izango dira, Xabier Lizardi kaletik, betiere, lasterketak ahalbidetzen badu. Orixe pasealekua, bestalde, erabat itxita egongo da eta Zuatzun errei bat itxiko dute, lasterketarako.
Hori horrela, ibilgailuak Atotxa Erreka eta Errotaburu artean bakarrik pasa ahalko dira; Errotaburu pasealekua itxita egongo da goranzko noranzkoan (Zuatzurako noranzkoan); Juan F. Gilisagasti kalea erabat itxiko da, Francisco Grandmontagne kalea bezalaxe.
Zubiberri kalea ere itxita egongo da infernurantz; Patxikuene bidea itxi egingo dute goranzko noranzkoan eta Atotxaerreka beheranzko noranzkoan. Autobusei dagokienez ere, aldaketak egingo dituzte euren ibilbideetan.