Sahararen aldeko euskal karabana abiatu da goizean
Gipuzkoa eta Bizkaian bildutako 80 tona inguru daude Tindoufeko errefuxiatu kanpamentura bidean. Eramandako lau kamioetik hiru irten da Zurriolatik gaur goizean.
80 eta 100 tona artean elikagai bildu dituzte azken hilabeteotan Euskadiko Karabana Solidarioaren kideek. Gabonetan, lehenik, supermerkatu eta saltokietan; eta eskoletan ondoren. Gipuzkoan eta Bizkaian jasotako jaki eta materiala lau kamioetan sartu, eta Tindoufera (Argelia) bidali dute gaur bertan. Maite Berzosa Urretabizkaia Saharako Errepublika Demokratikoaren lagunen elkarteko kideak azaldu duenez,180.000 saharar bizi dira Argeliako errefuxiatu kanpamentuetan, eta “ezinbesteko” dute kanpotik iristen zaien laguntza: “Gurea ale bat baino ez da, baina erabateko menpekotasuna dute kanpoko laguntzarekiko”.
Egun, Mendebaldeko Sahararen kontrola Marokoko Erresumak eta Fronte Polisarioak ezarritako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD) eskatzen dute. Espainiako Gobernua, berriz, “lotura historiko eta juridiko oro” ezkutatu, eta gatazkatik at mantentzen saiatzen dabil, Amnesty Internationalek adierazi duenez. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, halaber, “Mendebaldeko Sahararen biztanleriaren ia erdia bizi da Tindufen, Marokoren bonbardaketetatik eta errepresiotik ihesi”.
Gatazka hori, baina, Palestina edo Ukrainako gerren itzalean gelditu da azken hilabeteotan. Berzosa Urretabizikaiak argi du egunero egin eman behar dutela problematikaren berri, ahanzturan geratu ez dadin. Dena dela, azaldu duenez, “bistakoa da” euskal herritarrak beharrari erantzuten jarraitzen diotela. “Horrez gain, lan handia egin dugu lagun askok dena sailkatu eta kutxetan sartzeko”, gaineratu du kideak.
Abendutik gaur arte egindako lana, saharar herriak behar duenaren “zati txiki” bati erantzungo diola jakinda, gatazkari irtenbidea jartzeko erabaki politikoak har ditzatela aldarrikatu dute aurkezpenean: ” “Saharar anai dugun herriak jasaten duen giza eskubideen urraketa larria salatzen dugu eta herritarrak jatorrizko lurraldera bueltatu dadila eskatzen dugu. Karabana hau azkena izan dadila espero dugu”.
Bidai luzea aurretik
Ekitaldia amaituta, hiru kamioiek Tindouferako bidea hartu dute. Lehenik, Alacanteraino iritsiko dira Dbuseko gidari boluntarioekin. Behin portura, iritsita, gidariak autoetan bueltatuko dira; izan ere, Oranera doan ferry batean ontziratuko dituzte ibilgailuok. Handik, Fronte Polisarioko arduradunak arduratuko dira kargatutako kamioak errefuxiatu sahararren kanpalekuetara eramateaz. Eta azkenik, Ilargi Gorria elkartea arduratuko da herritarrei laguntza humanitarioa banatzeaz, Berzosa Urretabizkaiak azaldu duenez.