Akilesen tendoia hautsi du Lucas Egibarrek, eta bajan egongo da sei hilabetez
Lucas Egibar snowboarder donostiarrak ezker oineko Akilesen tendoia hautsi du. Asteartean ebakuntza egingo diote Austriako Innsbruck herrian, eta Efe agentziak jakinarazi duenez, Egibarrek sei hilabeteren buruan bueltan egotea espero du.
Egibarrek, lehiaketa orokorrean bost garaipen eta hemezortzi podiumekin, larunbatean egin zuen lesio hori, Cortina D’Ampezzon (Italia) jokatu zen Munduko Kopako proban. Eliot Grondin kanadarrak irabazi zuen proba, eta Egibar kontsolazioko finalean erori zen.
Egibar Cortinan artatu zuten lehenik, baina ez zioten inolako lesiorik antzeman. Hala ere, minez jarraitzen zuenez, Innsbruckera eraman zuten, eta han diagnostikatu zioten Akilesen tendoiaren haustura.