Ertzaintzaren auto batek autobus geltokiko kristalaren aurka jo du bete-betean
Ertzainen auto batek istripua izan zuen atzo arratsaldean, Norteko autobus geltokiko beiratearen kontra jo ostean. Antza denez, Ertzaintzak geltokiko langile baten deia jaso zuen 18:30ak aldera, gizon bat barruko makinetako bat kolpekatzen zebilelako. Abisua jaso bezain laster bertaratu ziren agenteak, eta autobusen arrapala beretik sartu ziren barrura. Ezagutzen ez diren arrazoiengatik, baina, euren ibilgailuak kristalaren aurka egin zuen talka.
Zehazki, autobusen aparkalekua eta atondoa bereizten dituen beirateari jo zioten agenteek bete-betean, eta irudian ikusten den moduan, beiratearen behealdea hautsi eta gaineko kristal batzuk bota zituzten. Autoak ere kolpeak jaso zituen aurrealdean, eta garabian eraman behar izan zuten.
Istripuaren ostean, autobus geltokiko laugarren nasa itxi egin behar izan dute, eta momentuz, ez dago erabilgarri. Ertzaintzak jakinarazi duenez, halaber, barruko makinetan kalteak eragiten zebilen pertsona ez dute atxilotu.