«Euskal Herrian bakarrik topatu daiteke kaikua; bakana da»
Etnografiaz gehien dakitenetako bat da, zalantzarik gabe. Leizaolak milaka pieza bildu eta dokumentatu ditu euskal ondarea babeste aldera: «Nire pozik handiena zera da, ikustea lehen ganbaran abandonatua zuten trastea orain atarian zintzilik dutela».
«Bizia badoa». Holaxe bota du. Jarraian, hil zaizkion lagunak zerrendatu ditu. Hizketan hasi, baina, eta biziz bete da pixkanaka, hitz bakoitza bizi arnasa balitz bezala; pieza baten izena, baserri batena, laiotzean dagoen parajearena… eta solasaldi luzearen ostean aurretik baino biziago dago, begi urdinak bezain bizi. Fermin Leizaola (Donostia, 1943) adimen argiko gizon zolia da, metodikoa, eta aparteko memoria dauka: «Fitxak egitea da gakoa». Datekin, pasarteekin, lekuekin eta izenekin harilkatuz doa bakarrizketa, hurrenkera jakinik gabe, baina zehaztasun osoz, narratzaile trebeek bakarrik egiten duten moduan. Eminentzia bat da. Aranzadiren Etnografia saileko bere bulegoan hartu du BERRIA. Gazteleraz mintzatzen da, nahiz eta etengabe tartekatzen dituen euskarazko hitzak edo esaera zaharrak; balizko olak burdinarik ez.
Lepotik zintzilik beti argazki kamera, eta buruan beti txapela.
Bai. Txapela zenbait arrazoirengatik eramaten dut. Batetik, gorputzaren beroaren %30 burutik joaten delako, eta, bestetik, gure identitatearen ikur bat delako. Gogaituta nago manifestazioetara pegatinaz beteta joaten diren euskaldunekin. Ni leku guztietara joaten naiz txapelarekin. Etxean nagoenean ez naiz ohartzen jantzita daramadala.
Zure arantza handiena omen da euskaraz ez jakitea…
Erabat. Aitak euskaraz bazekien, baina amak ez. Ama irundarra zen. Kolon pasealekuan bizi ziren, eta 36ko gerran bost minutu eman zizkieten etxetik ateratzeko. Dena erre zuten; Irun osoa erre zuten. Aita, berriz, donostiarra zen, ingeniaria, eta egunkarientzako errotatibak egiten zituen. 1936ko uztailaren 18a larunbata zen. Tailerra itxi, eta iparraldera joan ziren. Aitona-amonek château bat zuten Angelun [Lapurdi], Aierbe Etxea. Bada, han zeudela, amak irratian entzun zuen tropa errebeldeek itsasartea zeharkatu zutela, eta sekulako anabasa zegoela. Han geratu ziren. Ni han enkargatu ninduten.
Baina Donostian jaio zinen…
Bai. Lau anai-arrebetatik hemen jaiotako bakarra naiz. Aguilera izeneko eraikinaren alboan zegoen aitona-amonen etxea. Hektarea bateko lorategia zuen. Wehrmatcht-ak, Alemaniako armadak, ofizialak babesten zituen eraikin hartan, eta erresistentziaren jomuga bilakatu zen. Gestapo zelatan zegoen, eta aitak hegoaldera etortzea erabaki zuen. Donostiara iritsi bezain pronto, kartzelara eraman zuten. Hiru egunez egon zen Ondarretako kartzelan. [Jesus Maria] Leizaola lehendakari izango zenaren lehengusua zen aita, Luis, eta gure familia markatuta zegoen. Ez dakizu zer den hori. Erregimenarekin bat egiten ez genuenez, gorriak eta beltzak ikusi genituen. Aitak lantegia galdu zuen. Grosen zegoen, hiltegi zaharraren ondoan; gaur egun gasolindegi bat dago parean.
Errazionamenduaren garaiak ziren, ezta?
Itzela zen. 1943tik 1953ra egon zen errazionamendua. Nire bilobek ez dakite zer den hori. Familia bakoitzeko azukre kilo bat eta olio litro bat; koko olioa izango zen hura. Oso garai tristeak ziren. Artean akordatzen naiz giro ilun hartaz. Groseko frontoia… Edo Urumeakoa… Leku beltzak ziren. Horrek betirako markatzen zaitu.
Eta halako batean kobazuloetara joaten hasi zinen…
Aranzadira gerturatu nintzen. 1958ko azaroa zen. San Telmora joan, eta han aurkitu nituen Jose Miguel Barandiaran, Perico Espada, Tomas de Aturi Manchola, Francisco Fernandez Garcia de Diego, Jesus Elosegi… Ni umemoko bat nintzen. Orduantxe utzi nion galtzamotzak eramateari, eta galtza luzeak eramaten hasi. Benetako erritual bat zen hura. Bada, espeleologia taldean eman nahi nuen izena, baina une horretan ez zegoen inor sail horretan. Historiaurrea taldean sartu nintzen. Aizpitarten 1960an egin zituzten lehen indusketa historikoetan egon nintzen. Euskal Herrian egin ziren lehenak izan ziren.
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.