Kapadokia tabernak irabazi du Euskadiko Patata Tortilla Txapelketa
Parte Zaharreko Kapadokia tabernak irabazi du Euskadiko Patata Tortilla Txapelketa. Aurten egin dute lehiaketa aurrenekoz, eta hiru lurraldeetako taberna eta jatetxeek hartu dute parte Patata Tortillaren Nazioarteko Egunean egindako txapelketan. Finalera iritsitako hamabi establezimenduen artean, baina, Arrandegi kaleko taberna gailendu zen.
Patatak arratsaldeko 16:00etan zuritzen hasi ziren arren, 19:30ak arte ez zuten irabazlea iragarri. Bi ordu eta erdiko urduritasunarekin, ikusmina handitu zen Bilboko aretoan. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako jatetxe eta tabernek dena eman zuten lehen postua eskuratzeko, baina Kapadokiako gazteek eraman zuten lehen saria.
Matematikaren sekretua
Kapadokia jatetxeko patata tortilla ospetsuak tipula eta piper berdea ditu, baina benetan bereizten duena osagaien ekuazio matematikoa da: % 55 patata, % 40 arrautza eta % 5 tipula eta piper berdea. Konbinazio horrekin tortilla krematsu eta zukutsu bat osatzen dute, eta bistakoa da epaileen ahosabaia ondo baino hobeto konkistatu zituela.