Korrikaren murala egin dute Ibaetan
Aurretik grisa nagusi zen gune bati "bizitasun pixka bat" eman diote Korrikaren mural margoketarekin.
Tipi-tapa, tipi-tapa, badator Korrika, eta euskaltzaleak kirola eta euskara uztartzen dituen festa handirako prestatzen hasi dira dagoeneko. Ohiko legez, milaka lagunen parte hartzea espero da hilaren 23an, Korrikak orduan zeharkatuko baititu Donostiako kaleak. Oinkada luzeez harago, euskal festaren baitan antolatutako ekitaldi kulturalen prestaketan murgildu dira hiriko dozena auzo eta herritan.
Ibaetan ere motorrak berotzen dabiltza, eta auzoa atondu dute egitasmoa hauspotzeko. Auzoaren itxurari buelta bat eman nahian, Karlos Santamaria plazako pareta bat koloreztatu dute jai batzordeko kideen artean. “Ibaetan euskaraz” aldarriarekin, 23. korrikan parte hartzera animatu nahi dituzte auzotarrak.