Mapandreak proiektuaren erakusketa egin dute asteburuan
Larunbatean Mapandreak proiektuaren erakusketa egin zuten Bidebietako Kontadoresen. Arratsaldeko zazpietan ireki zituzten zentroko ateak proiektua zabaldu, eta egitasmoa osatzen duten emakume taldearen berri emateko. Kartoizko xafletan banatuta, proiektuaren parte diren emakume batzuen historia kontatzeaz gain, Lili Eme Drawsen eskutik sortutako hainbat ilustrazio jarri zituzten ikusgai. Horren ostean, Danele Sarriugarte idazlearen eta Miren Narbaiza musikariaren Popperra, afterra eta utopia ikuskizuna eskaini zuten.
Mapandreak
Mapandreak proiektuak Donostiako kale izendegiko emakumeak nabarmendu ditu. Hirian, eta oro har, Donostiako gizartean garrantzia handia izan duten emakumeen memoria eta ondarea berdintasunean baloratzea da mapa ilustratuaren helburua. Hori horrela, emakumeen eskulturak, muralak edo horien izenak daramatzaten kale eta eraikinak seinalatu dituzte mapa ilustratu batean. Ideia eta diseinua Ane Chuecarena da eta ilustrazioak Laura Matesanz de la Mazak egin ditu.
63 espazio osatzen dute egitasmoa, orotara; eta, besteak beste, Clara Campoamor, Elbira Zipitria eta Katalina Eleizegi nabarmendu dituzte. Emakumez osaturiko langile taldeek ere badute euren tokia berdintasunaren mapan: Tabakalerako zigarro egileak, latsariak eta andereñoak ere badaude, beste batzuen artean.