Parte Zaharrerako suteen aurkako prebentzio plan bat eskatu du EH Bilduk
EH Bilduren eskariz, Eneko Goia alkateak agerraldia egin du Parte Zaharreko tabernetan gertatutako suteen inguruan. EH Bilduk adierazi du zenbait hausnarketa egitea “ezinbestekoa” dela “datuak dagokion moduan irakurri behar direla iritzita”.
Goiak adierazi duenez, 2021, 2022 eta 2023 urteetan, Parte Zaharrean 46 sute zenbatu ditu udalak; horietatik, hamahiru ostalaritza establezimenduetan izan direla erantsi du. “2024 hasi berritan, beste bat jasan dugu: otsailaren 19an izan zen, Zumeltzegi jatetxean. Aurrekoa, apenas bi hilabete lehenago izan zen, abenduan. Zehaztu duenez, gainontzeko suteak etxebizitzetan gertatu dira”, azaldu du EH Bilduk.
Fokua dagokion tokian jartzeko, “proportzionaltasunaz” hitz egin behar dela uste du EH Bilduk: “Parte Zaharrak 5.000 biztanle ditu eta 200 ostalaritza establezimendu inguru. Alegia, 25 bizilagun bakoitzeko, taberna bat dago”.
Auzoan “ezinegona eta kezka” daudela gogorarazi du, eta horiei heltzea udalaren ardura dela. “Orain arte ezer gutxi egin duen udal gobernuak ikuskapen protokoloa aldatzeko asmoa duela iragarri izana albiste ontzat jotzen dugu, baita ere inplikatutako agenteak aintzat hartzea ere. Agerraldi berean, ordea, Goiak esan du “bizilagunekin kontzientziazio lana” abiatuko dela, eta hori baieztatzea ardura haien bizkar gainean jartzea dela uste dugu. Ez al du beste esparru batean “kontzientziazio lanik” aurreikusten?”, adierazi du EH Bilduk.
EH Bilduk esan du “ziur” daudela protokoloa aldatzeko asmoa “azken asteetan auzotik eta auzotarrek egindako presioaren ondotik” datorrela, “ez hainbeste udalak izan dezakeen bokaziotik”. Alkateak emandako datuen arabera, 58 espediente ireki dira Parte Zaharrean: 49 Osasun Publikotik eta bederatzi Hirigintzatik. “Eskasa” izan omen zen 21 ikuskaritzen emaitza. “Udal gobernuak isunik edo bestelako neurririk hartu ote zuen ez du argitu, interpelazioan honen inguruan galdetu dugun arren”, azaldu du EH Bilduk.
Urrats gehiago “beharrezkoak” direla nabarmendu dute, eta hor kokatzen dutela Parte Zaharrerako Prebentzio Plan baten osaketa. “Lanketarako mahai horretan, bizilagunek leku iraunkorra izan beharko luketela defendatzen dugu EH Bildutik”, esan dute.