ZIUtik atera da Ertzaintzak zauritutako realzalea
Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatetik (ZIU) atera da Ertzaintzak pasa den asteartean Realaren eta Paris Saint Germainen arteko partidaren atarian zauritutako emakumea. Noticias de Gipuzkoa hedabideak eman zuen albistea ostiralean, eta senarrak EITBri egindako adierazpenetan azaldu du hematomak hor jarraitzen duela eta “xurgatu arte zain” egon beharko dutela. Neurologioako plantan dago orain 44 urteko realzalea, eta errekuperazio prozesu luzea dauka aurretik.
Ertzaintzak dispositibo handia prestatu zuen Txapeldunen Ligako partida horren harira, eta zale ugari estadiora joaten ari zirenean kargatu zuen, ustez, inguruan istilu batzuk sortu zirelako. Foam jaurtigailu batekin zauritu zuten ertzainek emakumea, buruan tirokatuta.
Horrez gain, bigarren emakume batek ere Udaltzaingoan salaketa aurkeztu zuen, esanez bera ere zauritua izan zela Ertzaintzaren karga horretan; Segurtasun Sailaren arabera, “zauri arinak” pairatu zituen emakume horrek bizkarrean. Halaber, Naiz hedabidearen informazioaren arabera, hirugarren emakume batek ere salatu du zauritua izan zela karga horretan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du barne ikerketa irekita duela, gertaturikoa argitzeko.