Hondartzetako hainbat zerbitzuren kontratazio espedienteak onartu ditu udalak
Hondartzetako kabina kolektiboen kudeaketa zerbitzuaren kontratazio espedientea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, bi urteko egikaritze epearekin, gehienez hiru urtez luzatzeko aukerarekin (urtebeteko hiru luzapen) eta 399.695 euroko aurrekontuarekin. Gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziak soilik onartuko dira kontratua eskuratzeko lehiaketan publikoan.
Ondarreta hondartzan jarriko diren bi tabernen ustiapena kudeatzeko zerbitzu emakida kontratatzeko espedientea ere onartu dute, baldintza hauekin: tabernak maiatzetik urrira bitartean ustiatu ahal izango dira, gutxienez ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egon beharko dira irekita eta ordutegia 10:00etatik 22:00etara izango da —00:00ak arte luzatuko da Aste Nagusian—. Enpresa emakidadunek denboraldi bakoitzeko gutxienez 34.000 euroko kanona eskainiko dute
Azkenik, Zurriolako hondartzan igeriketa eskola, haur parkea eta taberna zerbitzuak kudeatzeko zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartu dute, baita ere. Horretarako, espazio publiko bat ematen du udalak, 900 metro koadroko azalerakoa eta hondartzaren ekialdeko eguzkitakoen eremuan edo udaleko zerbitzu teknikoek zehaztutako eremuan egongo dena. Taberna zerbitzurako guneak gehienez 20 metro koadroko azalera izango du eta gehienez 40 metro koadroko terraza jartzeko aukera izango du. Gauzatzeko epea lau urtekoa da, gehienez beste urtebetez luza daitekeena, eta emakidadunak kanon gisa 7.000 euroko gutxieneko kopurua eskainiko du denboraldi bakoitzeko.