Langile publikoen grebak garraio publikoan izan du eragina goizean goizetik
Langile publikoen manifestazioa Bulebarretik abiatuko da 11:30ean.
Hego Euskal Herriko 150.000 langile publiko daude grebara deituta. LAB, ELA, CCOO, ESK eta STEILAS sindikatuek antolatuta, eros ahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna % 8ra murriztea eta pribatizazioei muga jartzea eskatuko dute egun osoan zehar.. Azken bost hilabeteotan deitutako hirugarren greba eguna dute gaurkoa, eta gutxieneko zerbitzuak aurreko greba egunetakoak gainditu dituzten arren, “jarraipen zabala” izaten ari dela baieztatu dute sindikatuek. Oraingoan, baina, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.
Ohi bezala, greba deialdia garraio publikoan da nabarmendu da, batik bat. Dbusek %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatu ditu, baina, horiekin ere, ilara luzeak ikusi dira goizeko lehen orduetan: 15-30 minutuko atzerapenekin iritsi dira autobusak; metroa, berriz, ordubeteko tartearekin iritsi da Easora, 15 minuturo beharrean.
Goizeko lehen ordutik pikete informatiboak egin dira lantokietan. Sindikatuek lehen balorazioan adierazi dutenez, baina, Osakidetza eta Hezkuntzako —unibertsitateko langile ez direnak —gutxieneko zerbitzuek langile mordoaren greba eskubidea galarazi dute. Nolanahi ere, lehen balorazioan adierazi dutenez, grebak “jarraipen zabala” izan du oraingoan ere. Hezkuntzan izan du babesa, nagusiki, baita garraio publikoko eta EITBko langileen artean ere. “Zerbitzu publikoak indartzeko, enplegua eta soldata hemen adostu” lelopean manifestazioa egingo dute, 11:30ean, Bulebarretik abiatuta.