Marisol Garmendiak zinegotzi kargua utzi du
Jakina zena egikaritu dute astearte honetan egin duten ezohiko udalbatzarrean, udalbatzak berretsi egin baitu Marisol Garmendia PSE-EEren bozeramaileak kargua uztea. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ordezkaria izango da Garmendia, Denis Itxaso ordezkatuz. Udal taldeko bozeramailea izateaz gain, Ekonomiako, Bertako Enplegurako eta Ekologiako zinegotzia zen orain arte Garmendia, eta Ane Oiarbidek hartuko ditu kargu horiek guztiak. Bestalde, orain arteko Ingurumeneko udal zuzendaria, Juantxo Marrero, izango da zinegotzi berria, aurreko udal hauteskundeetan Donostiako PSE-EEren zerrendan seigarren izan baitzen —bost zinegotzi dituzte sozialistek udalean—.
EH Bilduk deitutako merkataritza txikiaren inguruko ezohiko udalbatzarraren ostean jorratu dute Garmendiak kargua uztearen inguruko puntua, eta merkataritzaren inguruko udalbatzarrean parte hartu badu ere, EH Bilduk ez du Garmendiaren inguruko saioan parte hartu. Sektore publikoko langileek greba eguna dute gaur, eta Juan Karlos Izagirre bozeramaileak azaldu du horregatik ez dutela parte hartu, udal gobernuak ez duelako udalbatzarraren eguna aldatu. Ondoren, bozkatu aurretik, gainontzeko udal taldeetako bozeramaileek hartu dute hitza, eta denek eskerrak eman dizkiote Garmendiari udalean egindako lanarengatik eta hiriarekin erakutsitako “konpromisoarekin”, baita bere ibilbide berrian zorterik onena opa ere.
Elkarrekin Donostiako Victor Lasak nabarmendu du ez dela beharrezkoa gauza guztietan ados egotea, “jakiteko egin duena hiri honi eta bere biztanleei dien amodioarengatik egin duela. Borja Corominas PPren bozeramaileak ildo beretik jo du, eta aitortu du “politikoki desadostasunak” izan dituztela Garmendiak eta berak, baina “maila pertsonalean estimu handia” diola nabarmendu du. “Harro nago eserleku hau zurekin partekatu izanagatik”, gaineratu du popularrak.
Oiarbidek hartu du hitza jarraian, eta kariñoz hitz egin dio Garmendiari: “Bueno, nagusi, emozio asko nahasten zaizkit gaurko egunean, hemen uzten bainauzu, bozeramaile postuan, maila oso goian utzita. Oso irakasle eta kide ona izan dut, eta eskertu nahi dizut egunotan emandako babesa”. “Udal talde honek zuregan oinarrituta eraiki du hiri honekiko konpromisoa”, gaineratu du. Halaber, Oiarbidek gogorarazi du Garmendia izan zela PSE-EEren Donostiako lehenengo emakume alkategaia, eta orain Espainiako Gobernuaren EAEko lehenengo ordezkari emakumea izango dela: “Zu beti kristalezko sabaiak hausten!”.
Azken urteotan Garmendiaren gobernukide izan den Eneko Goia alkateak hartu du hitza EAJren izenean, eta elkarrekin egin duten lana goraipatu du: “Asko eztabaidatu dugu, baina are akordio gehiagotara heldu gara, hiria hobetzeko akordioetara”. Era berean, udalak aurrerantzean Espainiako Gobernuko ordezkaritzan “aliatu bat” izango duela nabarmendu du: “Erronka handia da hartu duzuna, baina udal honentzat zorte handia da zuk ardura hori hartzea. Argi daukat modu justuan egingo duzula lan, baina baita ere, aliatu bat izango dugula delegazio horretan”.
Azkenik, Garmendiak hartu du hitza, hunkituta, eta bozeramaile guztien hitzak eskertu ditu, baita bere ibilbidean zehar izandako kide guztien lana ere, “bereziki, Ernesto Gascorena” —saioan egon da, ikusle gisa—. Hain zuzen ere, 2020an udala utzi zuen Gascok, eta Garmendiak hartu zuen orduan bozeramaile ardura. “Alkateari eta udal gobernuko kide guztiei” ere eskerrak eman dizkie Garmendiak: “Asko eztabaidatu dugu gure artean, baina zerbait praktikara eraman badugu da desberdinen arteko akordioetara heltzeko gaitasuna da. Uste dut soilik modu horretan egin daitekeela politika, zerbitzu publikotzat baitaukat nik politika”. Udalean bizitako guztiak “merezi” izan duela nabarmendu du sozialistak, baita “momentu txarrek ere”. “Hiri honek etorkizun handia dauka, eta etorkizun hori eraikitzen ari zarete. Izan dadila, mesedez, elkarbizitzazko etorkizun bat”, gaineratu du. Gaurko udalbatzarrera arrosa bana eraman die zinegotziei, eta deitoratu du EH Bildukoei arrosarik “eman ezin izana”.
Marisol Garmendia (Zaldibia, 1963) 2007an sartu zen estreinakoz Donostiako Udalean, Odon Elorzaren azken agintaldian, lehendakaritzako zinegotzia lanetan, eta 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren arduraduna izan zen. Hurrengo legealdian, Lurralde Antolamendu eta Mugikortasuneko foru diputatua izan zen, eta 2019-2023ko legealdian itzuli zen Donostiako Udalera. Iragan maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, PSE-EEren alkategaia izan zen Donostian, Odon Elorzari alderdiko primarioak irabazi ostean. Orain, ibilbide berria abiatuko du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan, eta nabarmendu du postu horretatik ere “Donostia defendatzen” jarraituko duela.