Poliziaren gehiegikeriaren kontrako egunaren harira, jarduera ugari antolatu dituzte Donostian
Donostiako hainbat kolektibok, Poliziaren gehiegikerien kontrako egunaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte martxoan zehar, “Poliziaren lana bera eta beraien indarkeria zalantzan jartzeko, edota azken asteotan eman diren gertaerei erantzun bat emateko”.
Aske, Piztu eta Txago eragileen artean antolatu dituzte jarduerak, pentsatzeko modu ezberdinak dituzten arren: “Eragileok gure artean izan ditzakegun eztabaidak onarturik, Poliziaren aurrean modu bateratuan antolatzea erabaki dugu”. Eragileen proposamenari beste hainbat kolektibok erantzun diote, eta, oraingoz honako atxikimenduak lortu dituzte: Komite Internazionalistak, Ongi etorri errefuxiatuak, Antikapitalistak, Askapena, CNT, STEILAS, Donostiako transmarikabollo asanblada, AZGA Bizilagunekin plataforma eta ESK Sindikatua.
Martxoak 15a Polizia gehiegikeriaren aurkako nazioarteko eguna da. 1997. urtean hasi zen eguna erabiltzen poliziaren gehiegikeria salatzeko, Suitzan 11 eta 12 urteko bi gaztek jasandako eraso baten harira.
Martxoaren 15ean, hain zuzen, Easo Plazatik abiatuta, Poliziaren inpunitatearen aurka lelopean egingo dute mobilizazioa, 18:00etan. Bezperan, martxoaren 14ean, 18:30ean, Kaxilda liburu dendan hitzaldia egingo dute Txileko estatuaren erasoaldia Wallmapun.
Hurrengo astean, martxaren 18an Poliziaren inguruko hitzaldia egingo du Askek, 18:30ean Arrano Elkartean (Parte Zaharra), eta martxoaren 20an, Piztuk antolatuta, Bideokontrol adimentsuaren dokumentala aurkeztuko dute Birundan ere.
Azkenik, Piztu Donostiak antolatuta, Polizia ereduaren eztabaida egingo dute udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin Parte Zaharreko Kriptan.