Reina Sofia museoak Tabakalerako 'Larruak eta izurrak' erakusketako artisten lanak erosi ditu
Espainiako Kultura Ministerioak eta Madrilgo Reina Sofia museoak Sahatsa Jauregi eta Nora Aurrekoetxea artisten lan bana erosi dituztela iragarri dute. Erosketa Arcoren arte garaikidearen azokaren esparruan egin da. Aukeratutako lanen artean, Nora Aurrekoetxea eta Sahatsa Jauregiren lanak daude, otsailaren 24an Tabakaleran inauguratu zen Larruak eta izurrak erakusketan parte hartzen duten artistetako bi. Laura Valles Vilchez da erakusketaren komisarioa, eta euskal eskultoreen belaunaldi berri bat du ardatz.
‘Kurba’, Nora Aurrekoetxea
Larruak eta izurrak erakusketan, Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989) artistak maitasunaren eta zaurgarritasunaren arteko harremana aztertzen duten bi eskultura pieza aurkezten ditu, Kaia eta Erdibitu. Tabakalerak azaldu duenez, hormigoizko olanarekin eta eskuoihalekin,” interdependentzia emozionalari eta minaren aurreko babesari buruz hausnartzera” gonbidatzen du. Aurrekoetxeak “maitasunaren izaerari eta ezbeharren aurreko erresistentziari buruzko zalantzak pizten ditu bere obran”, azaldu du Tabakalerak.
Kurba, Reina Sofia museoak erositako lana, indarkeria, maitasuna eta beldurra bezalako sentimenduak uztartzen dituen ikerketa bat da, bolumenetan eta espazioarekin elkarrekintzetan islatuta. Aurrekoetxeak gorputz hizkuntzaren eta hitzezko hizkuntzaren arteko harremanari buruz gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea, egunerokotasunaren eta intimotasunaren testuinguruan.
‘Izarrak’, Sahatsa Jauregi
Tabakalerako erakusketan, Sahatsa Jauregik (Itaparica, Brasil, 1984) Azpitik doaz aurkeztu du, Tripak arte eszenikoen konpainiako kideekin partekatutako esperientzia islatzen duen altzairuzko lana. Gaur egun Andrea Berboisek, Maite Mugerzak, Marina Suarezek eta Natalia Suarezek osatzen duten kolektibo horrekin batera, Jauregik tresna, berun, protesi, arma eta gerren irudiak gogora ekartzen dituen dramaturgia bat sortzen du.
Reina Sofia museoak erosi duen Izarrak obra Sahatsa Jauregiren lan seriatu baten parte da, “bere originaltasun eta sakontasun kontzeptualagatik nabarmentzen dena”, Tabakaleraren hitzetan. Artistak objektuen mihiztadurak sortzen ditu, batzuk aurkituak eta beste batzuk manufakturatuak, giza gorputzaren atalen siluetak ehunezko elementuekin fusionatzen dituztenak. “Tentsioz eta eraldatzeko aukeraz betetako konposizioak sortzen dituzte”, nabarmendu du.