Udal gobernuak kontrako botoa eman die EH Bilduk merkataritza txikiaren egoerari aurre egiteko proposatutako neurriei
Donostiako merkataritza txikiaren inguruko ezohiko udalbatzarra egin dute astearte goizean, eta EH Bilduk sektorearen egoerari aurre egiteko bost neurri zehatz proposatu ditu. Aurka bozkatu dute EAJk eta PSE-EEk.
EH Bilduk deituta, ezohiko udalbatzar monografikoa egin dute astearte honetan udaletxean, hiriko merkataritza txikiaren inguruan hitz egiteko. Langile publikoek greba eguna dute gaurkoan, eta, horregatik, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak salatu dute udal gobernuak ez duela udalbatzarraren data aldatu, hala eskatu badiote ere.
Koalizio abertzalearen bozeramaile Juan Karlos Izagirrek nabarmendu du “sektoreak behar duelako” deitu dutela udalbatzar horretara, eta garrantzitsua delako gaiaren inguruan “eztabaidatzea”, hemendik aurrera zer neurri hartuko diren erabakitzeko. Hain zuzen ere, “sektoreko eragileekin eta merkatariekin hitz egin ostean” garatutako bost neurri zehatz proposatu ditu oposizioko alderdi nagusiak, Izagirreren hitzetan, “lehenengo pauso bat” baino ez liratekeenak izango. Proposamenaren alde bozkatu dute Elkarrekin Donostiak eta PPk, eta aurka udal gobernuko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk.
Honako bost neurri hauek proposatu ditu Izagirreren alderdiak: Gipuzkoa Merkatariak federazioarekin, merkatarien elkarteekin eta udal taldeekin lankidetzan, Amara eta Amara Berri auzoetan merkataritza ardatzak ezartzeko proposamen pilotu bat diseinatzeko; Parte Zaharreko merkataritza birgaitzeko plan bat egiteko; hiriko merkataritzaren egoerari buruzko azterlan bat enkargatzeko, Gipuzkoa Merkatariak federazioarekin eta hirian ezarritako merkatarien elkarteen laguntzarekin; udalaren edo Donostiako Etxegintzaren jabetzako merkataritza lokalak errenta mugatuko baldintzetan merkaturatzeko eta sustatzeko formulak aztertzeko eta lokal horiek auzoko bizimodua sortzen lagunduko duten jarduerak ezartzeko erabiltzea sustatzeko eta, bosgarrenik, sustapen formulak aztertzeko, gaur egun bizitegi erabilerarako egokiak diren solairuetan ezarritako merkataritza jarduerak lokaletara lekualda daitezen, horrela, lokal hutsak okupatu daitezen, eta, aldi berean, egun erabiltzen dituzten etxebizitzak bizitegi erabilerarako libre geratzeko aukera egon dadin.
Izagirrek nabarmendu du “donostiar askoren kezka” dela “merkataritza txikiaren galera”, eta faktore askorengatik gertatzen ari dela galera hori, besteak beste, merkataritza gune handien zabalkundearengatik, auzoen arteko desorekengatik eta Internet bidezko salmentaren gorakadarengatik. Horrela, udal gobernuaren merkataritza arloko politikak aldatzeko beharra dagoela deritzo Izagirrek: “Orain arte egindakoa kalterako izan da edo, gutxienez, ez da nahikoa izan. Eta datuak hor daude: azken urtean hirian irekitako saltoki berrien %60 frankiziak dira, eta 13,5 saltoki daude Donostian 1.000 biztanleko. Paisaia urbanistikoa ikusi baino ez dago, kale eta auzo guztietan bizi baita egoera hau”.
“Azken urtean hirian irekitako saltoki berrien %60 frankiziak dira”
Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren bozeramailea
Elkarrekin Donostiako bozeramaile Victor Lasak EH Bilduren proposamena babestu du, eta datu gehiago jarri ditu mahai gainean: “Lokal komertzialen %20 inguru hutsik daude hirian, eta egoera are zailagoa da Ekialdeko Barrutian, Altzan, esaterako, lokalen %40 baitaude hutsik”. Egoera hori hiru faktore nagusiren ondorio dela nabarmendu du Lasak: “Saltoki handien zabalkundea, Internet bidezko salmentak eta alokairuen prezioak”. Horrela, San Bartolomeko proiektua aipatuz, salatu du udal gobernuak hirigunean merkataritza guneak irekitzearen alde egiten jarraitzen duela, “argi dagoenean Donostian halakoek ez dutela funtzionatzen; hor daude Arcco eta Bretxa, adibidez”. Halaber, Izagirrek proposatutako neurriez gain, beste batzuk ere mahai gaineratu ditu: saltokiak bere horretan sartzea EHOBPBan eta lokalen alokairuaren prezioa mugatzeko pausoak ematea, besteak beste.
Borja Corominas PPren bozeramaileak ere EH Bilduren proposamena babestu du, eta udal gobernuari leporatu dio merkataritza txikian eragina duten faktoreen inguruko planik ez edukitzea. “Geure buruari galdetu behar diogu ea zer merkataritza eredu nahi dugun hiriarentzat, gauza asko egin daitezkeelako: belaunaldi erreleboa bermatzeko, funtzionatzen duten saltokien eskualdaketa sustatzea, pizgarri fiskalak ezartzea merkatari berrientzat zein denbora asko daramatenentzat, eta abar”.
Udal gobernua, aurka
EH Bilduren proposamenaren aurka agertu dira EAJ eta PSE-EE, eta Marisol Garmendia bozeramaile sozialista eta orain arteko Ekonomiako zinegotzia izan da EH Bilduren proposamenaren aurka gogorren hitz egin duena. Besteak beste, oposizioko alderdiari leporatu dio justu berak Ekonomia zinegotzi kargua utziko duen egunean eta “hauteskunde garaian” deitu izana ezohiko udalbatzar horretara: “Ez da kasualitatea”.
Era berean, Garmendiak nabarmendu du Donostiako merkataritza txikiak “oso garrantzitsua” izaten jarraitzen duela: “Hiriko ekonomiaren %9 da, 8.000 lanpostutik gora dituela. EH Bilduri ez zaio interesatzen esatea Donostiak 2.500 saltoki txiki dituela eta hiru euskal hiriburuetatik 1.000 biztanleko saltoki gehien dituen hiria dela”. Horrez gain, esan du EH Bilduren alkatetzapean dauden udalerrietan datuak ez direla onak: “Pandemiatik, 750 saltoki inguru ixten dira hilean, 25 bat egunean. Donostian, ordea, saldoa positiboa da azken hiru urteotan, 77 saltoki berrirekin; EH Bilduk gobernatzen duen udalerrietan, aldiz, Gipuzkoako merkataritza gune handienak irekitzen dira eta saltoki txikiak ixten dira: Errenterian %20 gutxitu da saltoki txikien kopurua, Azpeitian %15 eta Hernanin %12”. Halaber, udaletik merkataritzaren arloan egindako kanpaina eta egitasmo guztiak zerrendatu ditu —DSS Market Plaza eta EKINN, esaterako—.
EH Bilduk gobernatzen duen udalerrietan, Gipuzkoako merkataritza gune handienak irekitzen dira eta saltoki txikiak ixten dira
Marisol Garmendia, PSE-EEren bozeramailea
Jon Insausti jeltzaleak hartu du hitza EAJren izenean, eta Garmendiaren ildo beretik jo du, Eneko Goiaren udal gobernuak urteotan egindako lana defendatuz. Nabarmendu du hiriak aldatu egin direla, kontsumo ohiturak ere bai, eta Donostiako merkataritzaren egoera ez dela kasu isolatu bat: “Donostiako egoera zaila da, baina ez da bakarra eta ez da okerragoa. Eta gogoeta ere egin behar dugu. Hemengo zeinek ez du inoiz saltoki handi batean erosi? Uste dut denok begiratu behar diogula geure buruari. Eta kontuan izan behar dugu etxe guztietan pairatzen ditugula inflazioa eta prezioen gorakada, eta horrek eramaten gaituela preziorik merkeena bilatzera”.
Izagirrek nabarmendu du ez duela esan nahi izan udal gobernuak egindako guztia “gaizki” dagoenik, baina “argi” dagoela egoerari irtenbide bat eman behar zaiola: “Ez da horrenbeste eztabaidatzea zer egin den gaizki eta zer ez, da egoera hobetzeko neurriak aplikatzea”. Garmendiak, aldiz, gogorarazi dio esan duela orain arte egindakoa “kalterako” izan dela —”orain arte egindakoa kalterako izan da edo, gutxienez, ez da nahikoa izan”, esan du Izagirrek, zehazki—. Horrela, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu izana deitoratu du Izagirrek: “Utzi ezazue konfrontazioa beste gai batzuetarako edo hauteskunde kanpainarako”.