Donostian jokatuko da lehen aldiz La Liga FC Pro Cup txapelketa
Donostian egingo dute lehenengoz La Liga FC Pro Cup txapelketa, Kursaalen, apirilaren 6an eta 7an. Donostia Sustapenak lortutako akordioaren eskutik, posible izan da La Liga FC Pro Cup Donostiara ekartzea hurrengo bi urteetarako. Helburua da Donostiara ekartzea teknologiaren erabilera sustatzen duten eta gazteak protagonista nagusi diren ekitaldi handiak.
Ekitaldiaren aurkezpena Ane Oiarbidek, Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak, Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari orokorrak, eta Alfredo Bermejok, La Ligako Estrategia Digitaleko zuzendariak, egin dute.
Ane Oiarbidek nabarmendu du garrantzitsua dela Donostiak La Liga FC Pro Cup bezalako ekitaldi bat hartzea, “hiria kirol elektronikoen hiriburu bihurtuko duena”. “Esports-ek eta, bereziki, futbolak hazkunde handia izan dute, gero eta lehiaketa profesional gehiagok erakartzen baitute publiko gaztea; izan ere, estatuko ikusleen %36 emakumeak dira”, nabarmendu du zinegotziak. Halaber, bideo jokoen eta haien kirol lehiaketen industriaren ekonomia eta enplegu garrantzia azpimarratu du. Ekonomia sektore oso “dinamikoa” dela adierazi du, eta bat datorrela Donostiak berrikuntzaren eta teknologiaren hiri gisa duen posizionamenduarekin. Horrez gain, Oiarbidek gamer zale guztiak animatu ditu Kursaalera apirilaren 6an eta 7an, “txapelketan parte hartuko duen Reala animatzeko”.
La Liga FC Pro Cup bi egunez egingo da, lehiaketetako partidak eta publikoari irekitako jarduerak konbinatuz. Ekitaldia doakoa izango da eta FIFA FC Pro 24 txapelketa gertutik bizitzeko aukera izango du publikoak. La Liga FC Pro txapelketan parte hartzen duten 24 klub elkarrekin lehiatuko dira Cup txapelketaren historiako prize poolik handiena eskuratzeko. Guztira, 100.000 euro banatuko dituzte hainbat saritan, koparen historiako zenbatekorik handiena, aurreko urteko zenbatekoa bikoizteraino: 25.000 euro klub irabazlearentzat.
Txapelketako final zortzirenak jokatzen dituzten klubek, gainera, zuzeneko sarrera txartela ere irabaziko dute apirilaren bukaerako final handirako. Gainera, txapeldunak eta txapeldunordeak FC Pro World Championserako plaza zuzena irabaziko dute; lau finalaurrekoek, berriz, eChampions Leaguerako tokia izango dute.