Donostiatik Loiuko aireportura 3,35 euroren truk bidaiatu ahalko da aurrerantzean
Astelehenetik aurrera (hilak 18), Donostia eta Loiuko aireportua (Bizkaia) lotzen dituen autobus zerbitzua Mugi sistemaren barruan egongo da, eta 3,35 euroko prezioa izango du bidaiak, txartel pertsonalizatuarekin ordainduz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Orain arte, zerbitzu hori ez zegoen Mugi sistemaren barruan, eta 17 euroko prezioa zuen Donostiatik Loiurako autobus bidaiak.
Horrela, Mugi sisteman integratuta eta urtarrilean indarrean sartu ziren %50eko hobariekin, astelehenetik aurrera 3,35 euroan ordainduko dute bidaia txartel pertsonalizatua erabiltzen dutenek, 4,39 euroan txartel anonimoa erabiltzen dutenek eta 12,90 euroan Mugi txartelik erabiltzen ez dutenek. Orain arte, 17 euro ordaindu behar ziren edozein modutan. Bestalde, Gipuzkoako beste hainbat zonatatik Loiura joateko zerbitzuak ere Mugi sisteman sartu dira, eta horiek ere merkeagoak izango dira aurrerantzean.