Gipuzkoako Merkatarien Federazioak tokiko merkataritzaren aldeko ekintza plan bat eskatu du
Donostiako Udalean merkataritzari buruz egindako ezohiko osoko bilkuran merkataritza sarea hobetzeko proposamen batzuk onartu ez direnez, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak Donostiako tokiko merkataritzaren aldeko lankidetza bateratu bat eskatu du.
“Tokiko merkataritzak berebiziko garrantzia du, enplegua sortzen duelako, jarduera ekonomikoa sustatzen duelako eta Donostiaren nortasuna eta izaera paregabea bultzatzen dituelako”, adierazi du Gipuzkoako Merkatarien Federazioak. Azaldu dutenez, azkenaldian, sektoreak erronka askori egin behar die aurre, hala nola
digitalizazioari, belaunaldien arteko erreleboari eta kontsumo ohituren aldaketari, “tokiko negozioen iraunkortasuna eta hazkundea arriskuan jartzen dutenak”.
Testuinguru horretan, ekintza bateraturako deia egin dute. “Ez dugu ulertzen atzo bizitakoa bezalako egoerak gertatzea, kezka komuna hiri bat mantentzea izan beharko bailitzateke, bere merkataritzari esker herritar guztiei zerbitzu ezin hobea bermatuko diena”, aldarrikatu dute.
Horrela, “premiazkotzat” jo dute inplikatutako eragile guztiak (politikariak, merkatariak, elkarteak eta, oro har, gizartea) elkarlanean arituko diren ekintza plan bat ezartzea. Ekintza plan horrek honako helburuak izan beharko lituzkeela uste dute: saltokiek eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen aniztasuna eta kalitatea ikusaraziko duten kanpainak abiaraztea; gizartean, batez ere, online kontsumoarekin bat datozen etorkizuneko belaunaldien artean, tokiko merkataritzan erostea, horrek gure gizarteari dakarzkion onura ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak nabarmenduz; belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten programak finkatzea; hutsik dauden lokalen arazoetan jardutea; ekintzaile berriei irekitzeko prozesuak sinplifikatzea eta azpiegiturak hobetzen, hirigintzan eta merkataritza guneak edertzen inbertitzea, beste hainbaten artean.
Ildo horretan, Merkataritza Mahaiaren deialdiak maizago egitea eskatu dute.