Kopako finalerako txartela helburu
Realak neurketa erabakigarria jokatuko du arratsaldean Anoetan (18:30), Atletico Madrilen aurka ariko baita, kopako finalerdietako itzulerako partidan. Joanekoan Madrilen bana berdindu ostean, kanporaketa oso irekita dago, eta Anoetan erabakiko da zein izango den finala jokatuko duen taldea.
2019an kopa irabaztea inflexio puntu bat izan zen Realarentzat, kolpe bat eman baitzuten mahai gainean, eta balentria hori errepikatu nahi dute aurten ere. Horretarako, ordea, Atletico Madril garaitu beharko du gaurkoan Natalia Arroyoren taldeak. Joanekoan, 0-1 irabazten iritsi ziren txuri-urdinak 90. minutura, baina madrildarrek merezi izan zuten gutxienez gol bat sartzea, eta azkenean lortu zuten. Beraz, kontzentratuta atera beharko dira txuri-urdinak zelaira, defentsan serio eta erasoan eraginkor aritzera. Etxetik kanpoko golek dagoeneko ez dute bikoitza balio, eta, beraz, edozein berdinketak luzapenera eramango luke neurketa; beharko balitz, baita penaltietara ere.
Arroyok atsedena eman zien asteburuko partidan joaneko partida jokatu zuten zortzi jokalariri, eta, beraz, aurreikusten da bere talderik onena zelairatuko duela gaurkoan entrenatzaileak: Lete; Ramirez, Tejada, Vanegas eta Bernabe; Lorena, Apari eta Andreia; Jenssen, Franssi eta Eizagirre kapitaina. Bestalde, donostiarrek parean izango duten taldea honakoa izango dela aurreikusi daiteke: Lola; Sheila, Cinta, Menayo eta Moraza; Garcia, Navarro eta Boe Risa; Cardona, Guijarro eta Rasheedat.
Denboraldi honetako orain arteko partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Realak, eta realzaleen babesa izango du kanporaketa gainditzeko. Bihar jokatuko dute beste finalerdiko itzulerakoa Athleticek eta Bartzelonak, eta hor erabakiko da zein izango den finala jokatuko duen beste taldea. Joanekoan katalanek 0-3 irabazi zuten; beraz, aurreikusten da Bartzelona egongo dela finalean. Reala izango al du aurkari?