Programazio zabala prestatu dute Aste Santurako San Telmo museoan, Hondalean eta Urgullen
Aste Santuko oporraldian programazio zabala prestatu dute San Telmo Museoan, Urgull mendiko hiru zentroetan (Historiaren etxea, Natur Txokoa eta Liburutegia) eta Hondalea arte instalazioan. Hiru gune horietan aisialdiarekin, kulturarekin eta naturarekin lotutako eskaintza egongo da martxoaren 23tik apirilaren 7ra.
San Telmo museoan Atzokoak gaur programazioa egongo da, eta horren bidez lanbide tradizionalak ezagutaraztea du helburu museoak. Aurten txokolategintza ofizioaren inguruko jarduera eskaintza antolatu dute Rafa Gorrotxategi txokolategilearen laguntzarekin. Hala, erakusketa batez gain, hitzaldia, erakustaldiak, dastaketak eta haurrentzako tailerrak egongo dira, martxoaren 23tik apirilaren 7ra arte. Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.
Cristina Iglesias artista donostiarraren Hondalea obra, Santa Klara irlan kokatua, irekita egongo da Aste Santuko oporraldian. Martxoaren 28tik apirilaren 7ra, biak barne, bost bisita ordu eskainiko dira egunero herritarrentzat, iaz baino bat gehiago, eta, berrikuntza gisa, ez da aldez aurretik erreserbarik egin beharko. Bisitei buruzko informazioa hemen ikus dezakezue.
Horrez gain, Cristina Enea Fundazioak, San Telmo Museoak eta Donostiako Liburutegi Sareak Urgull mendiko hiru zentroak zabalduko dituzte hilaren 22an, 23an eta 25ean, hurrenez hurren: Natur Txokoa, Historiaren Etxea eta Liburutegia. Hiru kasuetan, gainera, jarduerak eta bisitak ere antolatu dituzte. Urgullerako sarbideak San Telmo museokoa, Aquariumekoa eta Santa Teresako bi aldeetakoak dira, Pasealeku Berriko sarbidea itxita dagoelako behin-behinean.