Txuri Urdineko neskei harrera egin diete udaletxean
Emakumezkoen Txuri Urdin Izotz Hockey Taldeari harrera ofiziala egin diete gaur arratsaldean, Liga irabazi ondoren. Taldeko kamisetak soinean, azken urteotan irabazitako bi kopekin iritsi dira jokalariak udaletxera. Udal ordezkariek ondo merezitako denboraldia txalotu dute, hasi eta buka nagusi izan dira ligan: fase erregularra lidergoan bukatu zuten nagusitasun handiz eta finalerdietan ere erraz gainditu zuten Huarte.
Duela bi urte egindako balentria errepikatu dute asteburu honetan Txuri Urdineko neskek. Larunbat gauean eskuratu zuten ligako titulua, Majadahondaren aurkako finala irabazita. Duela bi asteburu, Donostian jokatu zituzten lehen bi partidak (3-2 eta 2-0), eta beste bi jokatzekoak ziren Mahadaondan. Larunbatean, baina, nahikoa izan zen bakarra jokatzearekin. 0-2 irabazi zuten donostiarrek, eta talde madrildarra finalari buelta emateko aukerarik gabe utzi zuten.