Antzoki Zaharrean egingo dituzte Dokan egitekoak ziren bi bakarrizketa
Doka aretoan egitekoak ziren hainbat kontzertu Intxaurrondo Kultur Etxean birprogramatu ostean, Dokak eta Donostia Kulturak elkarlanean jarraitzen dute, eta Antiguako aretoan egitekoak ziren bi umorezko bakarrizketa Antzoki Zaharrean egingo dituzte. Zehazki, David Suarez eta Iñaki Urrutia umoregileen bakarrizketak birprogramatu dituzte.
David Suarez galiziarrak maiatzaren 12an eskainiko du Humor blanco bakarrizketa, eta Iñaki Urrutia katalanak ekainaren 9an ariko da, Perdone, caballero bakarrizketarekin. Biak 19:00etan izango dira, eta sarrerak Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.
Egun batetik bestera erabaki behar izan zuten Dokako arduradunek aretoa ixtea, iazko abenduan, sabaiko egituran “kalte larriak” aurkitu zituztelako. Hala azaldu zuten: “Ustekabean sabaiko egituran kalte larriak identifikatu ditugu, kanpotik eraginda izan daitezkeenak. Horren jakitun, arduraz jokatzea dagokigu eta aretoa ixteko beste erremediorik ez dugunez, halaxe egitea erabaki dugu. Gure lehentasuna langile, artista zein zuon segurtasuna bermatzea da, eta, hortaz, gaurtik aurrerako programazioa bertan behera geratuko da”.