AP-8aren Donostiako bigarren ingurabidea itxita egongo da asteburuan
Larunbat goizaldetik astelehenera itxita egongo da AP-8 errepidearen Donostiako bigarren ingurabidea Bilboko noranzkoan, lanak direla eta. Zehazki, 49 orduz egongo da itxita, larunbateko (hilak 16) 04:00etatik, asteleheneko 05:00ak arte. Urumeako zubibidean errodadura geruza berria zabaltzeko lanak dira itxiera eragingo dutenak, azpiegitura hori birgaitzeko proiektuaren azken fasean.
Zortzi kilometroko tarteari eragingo dio itxierak, Errenterian 12.000 kilometro puntutik Astigarraga-Donostia pareko 20.000 kilometro puntura. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, mozketa beharrezkoa da aglomeratu berria zubibidearen 1.100 metroko luzeran zabaltzeko. Alternatiba gisa, trafikoa GI-20 errepidetik desbideratuko da Aritzetan (Usurbil) AP-8arekin bat egin arte. Astigarraga, Hernani edo Iruñerantz doazenek bosgarren irteera erabil dezakete eta GI-40 eta A-15 errepideetatik jarraitu. Autobidea zabalik egongo da Behobiarako noranzkoan.