Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxa egingo dute igandean
Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 27. Martxa egingo dute igandean Donostian. SOS Arrazakeria Gipuzkoak, Medicus Mundik eta Euskadiko GGKE koordinakundeak antolatu dute, eta 11:00etan abiatuko da, Trintxerpeko merkatutik Alderdi Ederrera. Aurten, 48 kolektibok egin dute bat egitasmoarekin, eta Usandizaga Institutuko Diseinu Grafikoko ikasleek diseinatu dute kanpaina, Kurba arriskutsua lelopean.
Gaur aurkeztu dute martxa Okendo kultur etxean egin duten prentsaurreko batean, eta antolatzaileek azaldu dutenez, munduan xenofobia, arrazakeria, intolerantzia eta gorroto diskurtsoak areagotzen ari dira. Euskadiko Gorroto-Gorabeherei Buruzko 2022ko Txostenak jasotzen duenez, delitu izan daitezkeen 438 gorroto gertakari erregistratu ziren EAEn. Hala ere, nabarmendu dute zifra erreala “askoz handiagoa” dela, kontuan hartuta txostenek egiaztatzen dutela horrelako jokabideen %20 baino gutxiago salatzen direla. Erregistratutako 438 delituetatik laurden bat Gipuzkoan gertatu ziren.
Eraberean Sarearen 2021-2022 Txostenak dioenez, 2021ean, 61 salaketa jaso zituen diskriminazio eta tratu desberdineko kasuen inguruan. Horietatik, hamarretik bi (%23) gutxi gorabehera Gipuzkoan erregistratu ziren. 2022an bildutako 60 kasuetatik %28 Gipuzkoakoak ziren. Eraberean Sareak 2022an jasotako kasu guztietatik, 10etik 8 baino gehiago (%84) zuzeneko diskriminazio kasuak ziren, hau da, pertsona bat antzeko egoera batean (etnia, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina, sexu orientazioa) beste bat baino modu txarragoan tratatzen denean gertatzen direnak.
Horrez gain, Ikuspegi Euskadiko Diskriminazioaren Inguruko Pertzepzio eta Jarrerei buruzko inkestak dio etxebizitzaren alokairuan ikusten dela diskriminazio gehien (inkestatutako pertsonen %82,2k egiaztatu du hori). “Ikusten da diskriminazio handiena duten pertsonak baliabide ekonomiko asko ez dituztenak, langabezian daudenak eta atzerriko nazionalitatea dutenak direla”, adierazi dute. Horrez gain, lana lortzerakoan, galdetutako herritarren %78,1ek uste du atzerritarrek, ijitoek eta emakumeek diskriminazioa jasaten dutela.
‘Kurba arriskutsua’
Kurba arriskutsuaren ideiaren bidez, eskuin muturreko diskurtso arrazistak gizartean zabaltzen ari direla nabarmendu nahi dute. Horretarako, Usandizaga institutuko Diseinu Grafikoko ikasleek hainbat seinale sortu dituzte, gizarteari diskurtso horiekin kontuz ibiltzeko adierazteko. Manifestazioan ikusi ahal izango dira Usandizagako ikasleek sortu dituzten kartelak.
Palestinako genozidioaren aurkako martxa
Igandean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa Alderdi Ederren amaituko da 12:30ean, eta orduan beste martxa bat hasiko da leku horretan bertan: Palestinako genozidioaren aurkako martxa. Bi ekitaldien antolatzaileek ordutegiak adostu dituzte, jendeak bi martxetara joateko aukera izan dezan. Beraz, 11:00etan Trintxerpeko azokan izango da lehen zita, eta 12:30ean, Alderdi Ederren, bigarrena.