Aspaceko langileek manifestazioa egin dute hitzarmen berriaren blokeoa salatzeko
Aspaceko eguneko zentroetako langileek bigarren greba eguna izan dute gaur, euren hitzarmena berritzeko negoziazioren blokeoa salatzeko. “Lan baldintza duinak” eskatzen dituzte, eta horretarako, ezinbestekotzat dute KPIa bermatzea, besteak beste. Protestetan murgilduta, manifestazioa egin dute 11:00etan, Gipuzkoa plazatik abiatuta.
Langileek azaldu dutenez, aurreko hitzarmena 2020an iraungi zen, eta geroztik, administrazioa entzungorrarena egiten dabil. Zehaztu dute, halaber, langileen ordezkariek “hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean, baina Aspaceko zuzendaritzak ez du langileen erosteko ahalmena bermatu nahi”. Edonola ere eguneko zerbitzuko langileen aldarrikapenak soldatak eguneratzetik “harago” doazela diote: “Kontziliazioa ahalbidetzen duten neurriak ere eskatzen ditugu, medikuaren bajak % 100 osatzea eta enpresaren jardueraren antolaketan eta funtzionamenduan hobekuntzak egitea, besteak beste”.
ELA eta CCOO sindikatuak deituta, lau greba egun antolatu dituzte hilabeteotarako: otsailaren 29an egin zuten lehena, gaur izan dute bigarrena, eta apirilaren 11ean eta maiatzaren 8an, egingo dituzte hirugarrena eta laugarrena, hurrenez hurren. ELAko iturriek zehaztu dutenez, guztira 169 langile daude deituta lau greba egunekin bat egitera; Donostiako bi zentrotako, Irungo beste bitako eta Bergarako, Arrasateko eta Urretxuko zentroetako langileak dira.