Finalean dago Reala
Historia egin du berriz ere Realak, Atletico Madrili Anoetan irabazita eta bere historian bigarrenez kopako finalerako sailkatuz.
Atletico Madril aurkaria gogorra zen —kopako azken txapelduna—, kanporaketa oso irekita zegoen —joanekoan 1-1 gelditu ziren— eta historia egiteko aukerak sortzen duen presioa zuten, baina Reala ez zen kikildu, eta kopako finalerako txartela lortu zuen atzo Anoetan, 15.000 realzaleren babesarekin, Atletico Madril 2-1 garaituta.
Lehenengo minutuetan hobeto jokatu zuten madrildarrek, eta horrek urduritasuna sortu zuen Natalia Arroyoren taldean zein Anoetako harmailetan. Ordea, txuri-urdinek ondo eutsi zioten Atletico Madrilen jokoari, eta, pixkanaka, zelaian erosoago sentitzen joan ziren, paseak gero eta hobeto kateatuz. Horrela, hemeretzigarren minutuan heldu zen etxekoen lehenengo gola: Vanegasek pase bikain bat eman zion Sarriegiri, aurrelari donostiarrak erdiraketa egin zuen, eta Jensenek egin izan ez zuen errematea Franssik egin zuen, baloia sareetara bidaltzeko.
Harmailak piztu zituen gol horrek, eta zaleak eta jokalariak bat izan ziren hortik aurrera, nahiz eta Atletico Madrilek ez zion arriskua sortzeari utzi. Hala ere, bigarren zatian Realak berriz jo zuen kolpea mahai gainean, Jensenek baloi bat sakonean jaso, eta hainbat metroz baloia oinetan eraman ostean, erremate gurutzatu batekin gainditu zuenean Lola Gallardo atezaina. Dena alde zegoela zirudien, baina minutu eskas batera sartu zuen Atletico Madrilek gola, Eva Navarro zelairatu berriaren eskutik.
Urduritasuna sortu zuen gol horrek Anoetan, baina defendatzen eta sufritzen ere jakin behar da partida garrantzitsuak irabazteko, eta hala egin zuen atzo Realak. Horrela, balentria egin zuten txuri-urdinek, finalerako txartela eskuratuz eta realzaleek beste kopa bat irabazteko aukerarekin amesteko parada emanez. Finala, ordea, ez da 2019koaren modukoa izango, oraingoan, ziurrenik, Bartzelona izango baita aurkaria —joanekoan 0-3 irabazi zioten Athletici, eta gaur jokatuko dute itzulerakoa—. Baina, zergatik ez amestu Bartzelona erraldoia finalean mendean hartzearekin?