Parte Zaharrean Bizi elkarteak gehiago mugatu nahi du autoaren erabilera
Parte Zaharreko auzo elkarteak IGE mugikortasun plana osatzeko proposamenak plazaratu ditu.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak uste du udal gobernuaren Emisio Gutxiko Eremuaren (IGE) proiektua ez dela nahikoa 2030rako ezarritako kutsadura helburuetara iristeko. Kritiko agertu dira, hiriko mugikortasun osoaren erdia lau auzotan egiten den arren — Erdialdean, Amara Berrin, Grosen eta Antiguan—, IGE eremua “Erdialdera mugatuko da soilik”.
Auzo elkarteak azaldu duenez, halaber, planteatutako neurriez harago joan beharko litzateke udal gobernua, “ibilgailu motordunen salbuespen ugari” jasotzen dituen plan bat izateaz gain, “zentzugabea” delako, 2.705 plaza dituzte aparkalekuak gune horretan bertan mantentzea. Era berean, elkartearen iritziz, “ez dago disuasorio aparkalekuak ezartzeko plan zehatzik”, eta ez dira garraio publiko guztiak aintzat hartzen: “Dbusen eta Lurraldebusen lineetan aldaketak egitea proposatzen dute, Euskotrenen geltokiak intermodalitateko gune gisa planteatuta. Hala ere, ez dago interesik Renfeko geltokien potentzialtasunak aztertzeko”.