Amonen ahotsak: abesti zaharrak bilobentzat opari
Altza BHI institutuko DBH 3ko ikasleek 'Amonen ahotsak' izeneko proiektua egin berri dute. Horren bidez, maila horretako ikasle bakoitzaren amona abesti bat kantatzen entzun daiteke ikastetxearen sarreran jarri duten erakusketan.
Kultura eta euskara dira Altza BHI institutuko bi ardatz nagusiak, eta Martxoaren 8a zetorrela eta, bi ardatz horiek emakumeen presentziarekin uztartu nahi izan zituen Karmele Muro institutu horretako musika irakasleak. Amonen ahotsak izeneko proiektua jarri zuen martxan DBH 3ko lau ikasgeletan, eta proiektu original honi esker, altxor moduko bat dute ikastetxeko sarreran. Izan ere, ikasle bakoitzaren amona haurra zeneko abesti bat kantatzen entzun daiteke bertan kokatu dituzten QR kodeak eskaneatuz gero.
«Pentsatzen aritu nintzen zein emakumeri eman beharko geniokeen espazio bat ikastetxean, eta erabaki nuen amonek hemen egon behar zutela. Gainera, ikastetxeko kasuistikari dagokionez, ikasle gehienak bertakoak dira, baina badira kanpotik etorritakoak ere, eta aniztasuna dago», azaldu du Murok. Amonek «zaindari eta zaintzaile» papera betetzen dutela uste du musika irakasleak, eta horregatik ere merezi zutela horrelako aitortza bat.
Proiektua sinplea bezain interesgarria da: ikasle bakoitzak bere amona txikia zeneko abesti bat abesten grabatu behar zuen. Ondoren, amonen eskuei argazki bat atera eta abestia QR kode bihurtu behar zuten. Horren emaitza da eskolako sarreran jarri duten erakusketa: amona bakoitzaren izena, haien eskuak eta QR kodea jarri dituzte, eta 40 abesti inguru bildu dituzte horrela.
Josune Iñarra institutuko Berrikuntza arduradunaren hitzetan, «emakumez osatutako unibertso bat» osatu dute proiektuaren bidez, eta etorkinei «keinu bat» egiteko aukera ere izan dute modu honetan.
Altza BHI institutuko 40 ikasle inguruk euren amonak txikiak zireneko abesti bat kantatzen grabatu dituzte
Amona, abuela, pina
Grabaketa horietan, munduko hainbat txokotako amonen ahotsak entzun daitezke. «Badaude hemen bizi diren amona batzuk Extremadurako abestiak kantatzen, Galiziatik galegoz abesten, eta euskaraz ere baditugu. Horrez gain, jaso ditugu Marokon bizi diren amonen abestiak, Brasilen bizi direnenak, Errumanian ere bai… Oso polita izan da orokorrean», nabarmendu du Murok. «Sarreran jarri ditugunez, edonork izan du horiek entzuteko aukera, eta jendea asko hunkitu da», gehitu du Iñarrak.
Amonak hizkuntza desberdinetan abesten entzutea ikastetxerako «altxor» bat dela uste du Murok. Gainera, kultur aniztasun hori are gehiago zaintzeko erabaki zuen amonen eskuak agertu behar zirela argazkien ondoan: «Ahotsaz gain, eskuetan ikusten da emakume bakoitzaren gutxi gorabeherako adina eta esku horiek nolako lana egiten duten. Esku zaharragoak eta gazteagoak direnak ikus daitezke irudietan, eta hori ere kulturala da: emakume batzuk amonak dira eta 50 urte dituzte».
Musikan burutu dute proiektua, eta emaitza ikastetxeko sarreran ikus daiteke: QR kodeak eskaneatuz entzun daitezke abesti horiek
QR kode bakoitza eta eskuen argazkia norena den identifikatzeko, amonaren izenak jarri dituzte ikasleek. «Bakoitzak amona hitza amonari deitzen dion moduan idazteko eskatu nien ikasleei. Errumanieraz, adibidez, pina esaten da amona, eta beraz, pina eta bere izena irakur daiteke erakusketan. Eta amoñi deitzen badiote, amoñi; abuela deitzen badiote, abuela; eta agertzen dira yaya, abu eta amona eta amama hitzak ere», nabarmendu du Murok.
Bestalde, ikasle batzuek amonarik ez dutenez, beraien amonak zirenei buruzko biografiak idatzi dituzte. Eta beste kasu batzuetan, euren izeba zaharrei eskatu diete txikitako abesti bat kantatzeko.
Abestiak QR kode batean jasotzearen ideia «polita» iruditzen zaio Iñarrari, digitalizazioa eta ahozko tradizioa uztartzen dituelako. «Normalean, kantu horiek gurasoengandik seme-alabengana transmititzen dira, eta hor ez dago digitalizaziorik», nabarmendu du.
Ikasleentzat inspirazio iturri
Musika irakasleak egin beharreko proiektua azaldu ondoren, Ariana Arnedo ikaslea (Altza, 2009) izan zen proiektua entregatu zuen lehenengoetariko bat. «Nire amonak 65 urte dauzka, gaztea da, eta txikia nintzenean abesten zidan abesti bat aukeratu zuen proiekturako. Galizian jaio zen bera, baina abestia gaztelaniaz da: «¡Chas! Y aparezco a tu lado», azaldu du Arnedok.
Galiziarra izanik ere, Altzan bizi da bere amona gaur egun, eta proiektu honetako politena bere amona kantatzen ikustea izan dela uste du. «Lotsatuta zegoen hasieran», oroitu du.
Horrez gain, bere ikaskideen artean, abesti errumaniarrak, arabiarrak eta brasildarrak entzutea iruditu zaio deigarriena.
DBH 3ko beste ikasgela batean dago Irene Zaya (Altza, 2009) eta berak ere izan du amona kantuan ikusteko aukera: «Nire amonak 75 urte ditu, eta Legazpikoa izan arren, Altzan bizi da orain. Txitako kanta bat aukeratzeko eta abesteko eskatu nion. Amona txikia zeneko kanta batez oroitu zen, eta horixe kantatu zidan. Berari txikitan abesten zioten kanta bat da».
Berarentzat ere interesgarriena amona kantuan entzutea eta berarekin denbora igarotzea izan da. «Nire gelan, Dominikar Errepublikako eta Kolonbiako kantak izan dira deigarrienak», nabarmendu du.
Musikako irakasleak horrelako proiektuak sortzearen garrantzia nabarmendu du, abestiak, eta, batez ere, amonen ahotsak etorkizunean galdu ez daitezen. Honela esan die ikasleei: «Espero dugu hemendik urte askora, zuen amonak dagoeneko ez daudenean, altxor hori gordeta izatea. Hori oso polita izango litzateke. Kasu batzuetan, zuen amonek burua galtzen badute, zuek kantatuko diezue orain zuei abestu dizueten abesti hori».