Europako postuetan sendotzeko partida jokatuko du gaur Realak
Etxean jokatuko dute asteburuan Realeko mutilek, Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek. Etxetik kanpo, aldiz, Realeko neskek eta Bera Berak.

Gaur gauean jokatuko dute Realeko mutilek, Anoetan, Cadizen aurka. Azken jardunaldian, kostata, Granadaren etxean garaipenaren bidea berreskuratu ostean, bide horretatik jarraitu nahi du talde txuri-urdinak, Europako postuetan egonkortzeko. Horretarako partida aproposa da gaurkoa, ligako hemezortzigarrenak baitira andaluziarrak; jaitsierako postuetan daude. Garaipena eskuratzeko, gainera, realzaleen babesa izango du Imanol Alguacilen taldeak.
Bestalde, Realeko neskek Betisen etxean jokatuko dute igandean. Kopako finalerako txartela eskuratu ostean, moral altuarekin doaz txuri-urdinak Andaluziara, eta hiru puntuekin itzultzeko neurketa aproposa da, ligako zortzigarrenak baitira txuri-urdinak, eta hamabosgarrenak Sevillakoak.
Eskubaloian, ligako bi jardunaldi baino ez dira gelditzen, eta Bera Berak bihar irabazi beharko du Oviedoren etxean, azken unera arte titulua eskuratzeko borrokan jarraitu nahi badu. Izan ere, Elx da liderra, 33 punturekin, eta Malaga eta Bera Bera daude atzetik, 32rekin. Horrela, ligako azken sailkatuaren aurka jokatuko dute donostiarrek, Elda hamargarren sailkatuaren aurka Elxek eta Gran Canaria bederatzigarren aurka Malagak.
Saskibaloian, bihar jokatuko du Ibaeta Basketek eta etzi Gipuzkoa Basketek. Ibaeta Basketek Girona hartuko du etxean, ligako bosgarrena. Partida parekatua izango dela aurreikusten da, soilik bi postu beherago baitaude donostiarrak. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Lleida hartuko du etxean, ligako laugarrena. Seigarrenak dira donostiarrak, baina aste honetan bertan erakutsi dute edonor garaitzeko gai direla, Coruña liderraren etxean irabazi baitzuten asteartean.
Azkenik, belar hockeyan, Realak Espainiako Kopa abiatuko du gaur. Final-laurdenetan Atletic Terrassaren aurka lehiatuko da, etxean, 17:45ean.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Reala — Cadiz (ostirala, 15, 21:00)
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Betis — Reala (igandea, 17, 16:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Oviedo — Bera Bera (larunbata, 16, 19:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Ibaeta Basket — Girona (larunbata, 16, 18:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 25. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Lleida (igandea, 17, 17:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen kopa, final-laurdenak
- Reala — Atletic Terrassa (ostirala, 15, 17:45)