«Euskara ikasten ari den norbaitek eramaten du beti Dbusen lekukoa»
Dbus enpresako langileak 22:00ak aldera batuko dira Korrikara martxoaren 23an, Kotxerasko lantoki alboan. 2005eko 14. Korrikan parte hartu zuten lehen aldiz, eta aurtengoa hamargarren aldia izango da beraientzat.

Noiztik parte hartzen duzue Korrikan?
Lehen aldiz 2005ean parte hartu genuen, 14. Korrikan eta aurtengoa gure hamargarren aldia izango da. Garai hartan, mahai bat jartzen genuen lantoki sarreran eta kilometroa ordaintzeko langileek borondatez emandako dirua biltzen genuen. Gaur egun ere, era horretan eskuratzen dugu kilometroa; dirua lortzeko hiru edo lau egunetan mahai bat jarri ohi dugu. Jasotakoarekin, kilometroa erosteaz gain, Korrikako materiala erosten dugu gero zozkatzeko: kamisetak, jertseak, biserak, petoak, giltzatakoak… Pankartak eta propaganda ere jartzen ditugu eta laster hasiko gara hori prestatzen.
Aurten nork hartuko du lekukoa?
Beti saiatzen gara euskara ikasten ari den norbaitek eraman dezan, baten edo biren artean. Ez dakigu ziur nor izango den, baina euskaltegian ikasten ari den langile batek hartzea da asmoa; horrela egin izan dugu urteotan. Guztira, 600 langiletik gora gaude, gehiengoa gidariak gara (400 inguru), baina mekanikariak, garbiketa langileak, administrariak eta ikuskatzaileak ere badaude. Egia esan, euskara ikasten ari direnak gutxi dira. 600 horietatik sei edo zazpi dabiltza euskara ikasten. Horietako batzuei galdezka gabiltza, ea lekukoa eramatera animatzen diren. Lortuko dugula uste dut.
«Hizkuntz eskubideak ez dira beti bermatzen; euskaraz jakin gabe gidari izan zaitezke»
Non duzue kilometroa?
Hemen bertan hartzen dugu lekukoa, Kotxeras ondoan. Maldan behera egingo dugu korrika Ategorrieta eta Intxaurrondo Zaharra lotzen dituen kale hasieraraino. Batzuetan gorantza egin izan dugu, beste batzuetan, beherantz, eta aurtengoan 22:00ak aldera izango da gure txanda.
Zenbat pertsona elkartu ohi zarete?
Egunean bertan, 40 pertsona inguru elkartu ohi gara, baina, diru aportazioa egiten dutenak askoz gehiago dira. Ordutegiak ere baldintzatzen gaitu. Batzuk lanean izango dira, gaueko txanda edo garbiketak direla eta. Beste batzuk afaria prestatzen arituko gara, baina gero eskapatzeko aukera izango dugu. Korrika bertatik igarotzean jende mordoa biltzen gara. Gainera, larunbata izanda, haurrak ere etorriko dira ziurrenik.
Afari-merienda egiteko asmoa dugu aurten ere, gure kilometroa datorren orduaren arabera afariko ordua moldatu ohi dugu. Ategorrietako elkartean batuko gara, gertu izanda oso ondo datorkigu.
Zuentzako zer suposatzen du lekukoa hartzeak?
Euskarari bultzada egitea da. Enpresa mailan aurrerapenak izan dira, baina, mantsoegi. Hemen bada euskara zerbitzua, Emunek ematen du. Online formakuntzak eta ikastaro txikiak izaten dira, eta bestela, euskaltegiko matrikula ordaindu egiten zaie langileei. Erabilera handitu da, eta hori enpresako txosten, ohar eta zerbitzuetan nabari da. Ikuskatzaileen lanak eragina izan du zentzu horretan. Dena den, hizkuntz eskubideak ez dira beti bermatzen eta oraindik ere euskara ezer jakin gabe gidari izateko aukera bada. Oposaketa batzuetan, %30ari ez zaio hizkuntza eskakizunik eskatzen; azkenean badakigu zein den hizkuntza hegemonikoa…
Korrikaz gain, euskararekin zein harreman duzue?
Aspaldi Egunean Behin aplikazioko taldetxo bat sortu genuen eta langile askok bertan hartzen dugu parte. Igela-motela izena jarri genion talde horri, Dbus enpresako irudiari keinu eginda, eta 50 bat lankidek parte hartzen dugu. Jokoaz gain, euskararekin lotura duten mobilizazioak eta istorioak partekatzen ditugu bertan.
Bestela, Korrikaren inguruan ere, Donostian bukatu izan den urteetan (2011 eta 2022) boluntario aritu gara jakiak eskainiz dirua lortzeko. AEKren barruan kontaktuak zein lagunak ditugu irakasle aritzen direnak eta elkarlanean aritzen gara.